Faxismoaren Kontrako Eguna ospatuko dute Busturian, domekan
81 urte beteko dira tropa faxistak Busturira heldu zirenetik, eta orduko herritarrek bizitakoa gogora ekarri, eta haiei omenaldi xumea eskainiko diote, beste behin. «Ordutik 40 hildako, dozenaka atxilotu, erbesteratu eta torturatu utzi dituzte gure herrian. Azkenaldian inoiz baino argiago geratzen ari da faxismoak Estatuaren botere egituratuan jarraitzen duela, eta herriak honen kontzientzia hartzeko beharra sumatzen dugu. Urteetan zehar Euskal Herria eduki dute jomugan faxistek eta orain Katalunia, adierazpen askatasunaren aurkako erasoak, eta antifaxisten aurkako errepresioa ditugu honen adibide argiak», adierazi dute Laia herri mugimenduaren ordezkariek.
13:00etan elkartuko dira udaletxe aurrean. Ohorezko aurreskua dantzatuz hasiko dute faxismoaren erresistenteen eta errepresaliatuen omenaldia, eta ondoren, horien aldeko bertsoak eta kantuak ere ez dira faltako.
Gainera, Sare Gernika, Ahaztuak 1937-1977 eta SOM-HI Bermeoko Katalanen elkarteko kideek ekitaldian parte hartuko dute jakitera eman dute Laia herri mugimenduaren ordezkariek.
15:00etatik aurrera kantu-bazkarian bilduko dira, gaztetxean. Whatsapp bidez izena eman behar da, 695 73 31 20 telefono zenbakira idatziz.
Bestalde, Gernikaren egiak dokumentalaren aurkezpena eta eztabaida izango dira maiatzaren 11an [barikua], gaztetxean.