Dientes de Lunaren aurkezpen berezia zapatuan, etxekoekin
Urtarrilean aurkeztu zuen Utopista diskoa Gernika-Lumoko Dientes de Luna taldeak, eta geroztik, ez du etenik izan taulagainean.
Etxekoen aurrean, baina, etzi aurkeztuko du lan berria. “Kontzertu berezia” izango dela aurreratu dute gernikarrek. “Diskoa kaleratu genuenetik gaude data honi begira. Berezia izango da guretzat; izan ere, Iparragirre Rock Elkarteko kideak gara, eta baita gernikarrak ere”, aitortu du taldeko abeslari Aimar Cidek.
Otsailaz geroztik, hainbat kontzertu eman ditu talde gernikarrak:?Bilbon, Portugaleten, Zornotzan, Oiartzunen eta Laudion, esaterako. Horietako areto batzuk bete egin dituzte;?beste batzuk, ordea, ez. Publikoaren kantitateari, hala ere, ez diote arreta berezirik jartzen; bertaratzen direnak gozatzeko gogoz egotea baita bilatzen dutena. “Gu beti egongo gara prest: bai hamar pertsonen aurrean zein 200 lagunen aurrean”.
Orain arteko emanaldiek izan duten “harrera politagaz pozik” dira taldekideak. Lan berriak taldearen esentzia mantentzen duela, baina kutsu modernoagoa ere badaukala azaldu dute, eta horrek jende gehiagorengana ailegatzea ahalbidetzen duela uste dute. Orain arteko emanaldietan, esaterako, asko nabaritu izan dutela aitortu dute.
Hedapena zabalduz
Inguruko txokoetatik haratago hedatzen ere lagundu die disko berriak;?izan ere, bertoko aretoetatik Bartzelonako, Asturiasko edo Madrilgo eszenatokietara salto egingo dute, esaterako, ekainetik aurrera.
Horien aurretik, baina, etxean dute hitzordua gernikarrek: etzi, 22:00etan, Iparragirre Rock Elkartean. Etxekoez gain, Madrildtik iritsiko diren Yogures de Coco taldeko kideak igoko dira Iparragirreko taulagainera.
Aurreko emanaldietan bezala, etzi ere taldeak bere abestiak joko ditu, baina, barru-barruko kantak ere entzun ahal izango dituzte Iparragirrera bertaratzen direnek. Gainera, sorpresaren bat edo beste ere egongo dela jakinarazi dute taldekideek.