Busturialdetik igaroko da lehen Bizkaia 3E bira
Bizkaia 3E hiru egunetako itzuliak zeharkatuko ditu Lea-Artibai eta Busturialdea, barikutik [apirilak 27] domekara [apirilak 29] bitartean. Hiru etapak osatzen dute gizonezkoen 23 azpikoen mailako txirrindu norgehiagoka berria: Markina-Xemeingoak, Ibarrangelukoak eta Berriatukoak. Markina-Xemeingo, Gernikako eta Berriatuko txirrindulari taldeek Bizkaiko Txirrindularitza Federakuntzagaz batera antolatu dute proba.
Aurten estreinatzen den bira honetan hogeitabost taldek hartuko dute parte, Euskal Herriko hamar taldek eta Espainia, Portugal eta Akitaniako beste hamabostek. Taldeak zazpi txirrindulariz osatuta egongo dira, eta beraz, guztira 175 txirrindularik osatu beharko dituzte eskualde bietako ibilbideak.
Parte hartuko duten taldeak hauek izango dira: Ampo-Goierriko TB, Caja Rural-Seguros RGA, Lizarte, Baque-Ideus-BH Team, Eiser-Hirumet, Zabalgarbi Team, Aiarabike Team, Telco.m Ederlan Frenkit, Hostal Latorre-Ederlan, Eibar Energia Hiria-Debarrena, Bicicletas Rodriguez Extremadura, Fundacion Contador, Supermercados Froiz, Escurialense-Pizzeria Española, Guerciotti-Kiwi-Atlantico, Esteve-P.C. Eduardo Chozas, Benicassim, Lescar V Sprint, Escribano Sport Team, Rias Baixas, Brokoli Mecanico-Perla Negra, Aldro Team, Entente 64, Gomur-Cantabria Infinita eta Sicasal-Liberty Seguros-Bombarralense.
Guztira, 4.775 euro banatuko dira sarietan, eta lau mailot egongo dira jokoan: liderraren larrosa, erregulartasunaren berdea, mendiko laranja eta tarteko helmugako urdina.
Etapak
Markina-Xemeingo etapagaz hasiko da Bizkaia 3E bihar, 28. Sabin Foruria Memorialagaz. 15:30ean hasiko da lasterketa, eta 103 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik txirrindulariek Markina-Xemeingo Aldaola kaleko helmugara heldu aurretik. Ondarroa, Lekeitio, Milloi eta Markina-Xemein arteko bidea egingo dute lehenengo, eta ondoren, Lekoiz, Aulesti, eta Milloitik Markina-Xemeinerainoko buelta egin beharko dute bi bider.
Zapatuan, Ibarrangeluko Sari Nagusia lasterketa lehiatuko dute. Bigarren etapa horretan 120,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek. 15:30ean irtengo dira Ibarrangeluko Elexalde auzotik, eta Gautegiz Arteaga, Kanala eta Laidan zehar emango dute lehenengo buelta. Ondoren, Natxitua, Ea, Bedarona inguruetan zehar ibili ondoren Ibarrangelura itzuliko dira, eta Gautegiz eta Laga arteko tartea beste lau bider osatu beharko dute helmugaratu orduko.
Domekakoa izango da etaparik luzeena. Berriatuko San Gregorio Saria III. Asier Aranzeta Memorialak 131,8 kilometro izango ditu guztira. 10:00etan hasiko dute lasterketa, eta Berriatua, Ondarroa, Lekeitio, Milloi eta Berriatua arteko ibilbidea hiru bider igaro beharko dute txirrindulariek, eta, ondoren, Debaraino joango dira, Mutrikutik igarota bide beretik berriz Berriatura itzultzeko.