Busturialdeko I. Txistulari Eguna egingo dute Bermeon
Busturialdeko txistulariak biltzeko balioko duen ospakizuna, Bermeoko Kankinkabara Txistu Taldeak prestatuko du zapaturako [apirilak 28].
Busturialdeko Txistulari Eguna ospatuko duten lehenengo aldia da . “Alboko herriko txistulariak ez ditugu ezagutzen, elkarren artean ez daukagu harremanik. Orduan, denok batu eta bazkari bat egitea pentsatu dugu, elkar ezagutzeko”, adierazi dute Kankinkabara Txistu Taldeko kideek.
Beraz, egun honen helburua txistularien artean harremanak sortu, eta bide batez Bermeoko zein inguruko jendeak euren lana ezagutzea izango da.
Herriko taldeko txistulariekin batera, Mundakako, Busturiko, Foruako, Gernika-Lumoko, Elantxobeko, Natxitxuko eta Eako txistulariak batuko dira. 11:00etan Kasino ondoan jarri dute hitzordua.
Lamera ingurua txistu soinuz bete ondoren, Taraskara hurreratuko dira. Bertan luntxa izango dute. 12:00etatik aurrera kalejira egingo dute, Bermeoko kaleak txistuen soinuarekin alaitzen jarraitzeko.
15:00etan Akelarre tabernara joango dira bazkaltzera. Arratsaldean ere kalerik kale euren abesti herrikoiak entzuteko aukera izango dute bermeotarrek.