Busturiko udaletxearen aurrean bildu ziren atzo Arrotegi zaharren egoitzako langileak, fundazioaren zuzendaritzak eta batzordeak ezarritako murrizketen kontra protesta egiteko.
Egoitzako langileak protestan, udaletxe aurrean.
Maiatzaren 22an epaiketara joango direla adierazi dute langileek. “Auzi-eskea jarri diogu enpresari, eta epaileak dioenaren arabera nola jokatuko dugun erabakiko dugu”. Bi hilabete daramatzate
egunero lanuzteak egiten, eskatzen dutena
“geneukana ez murriztea” baino ez dela adieraziz. Egoitzako zuzendaritzaren “pasibotasuna” ikusita, langileek udaletxe aurrean biltzea erabaki zuten, zuzendaritzako kideak udalaren parte direla aprobetxatuz, horiek batzartuta zeuden bitartean.
“
Arrotegi borrokan, lan murrizketarik ez” zioten pankartekin egon ziren egoitzako langileak, euripean. Beraien asmoa protesta udaletxe aurrean eginda
gatazka egoitzatik kanpora ateratzea zen.
Egunero bi orduko lanuzteak egiten dituzten arren, egoitzan “funtzionamendu zoragarria” dutela nabarmendu nahi izan dute, “beti bezala” lan eginez. “
Irudi txarra eman nahi izan digute”, kexatu dira langileak, “baina guk mugimendu eta protesta hauek murrizketak eman zirenean hasi genituen, ez lehenago”. Horren inguruan
“presio handia” jasaten ari direla diote Arrotegiko langileek, baina jada “beldurrik ez” daukatela argi utzi dute.
Komunikaziorik ez
Zuzendaritzak langileen batzordea kontuan ez duela hartzen salatu dute: “Ez daukate komunikazio zuzenik gurekin, egoitzan jakinarazpenak informazio tauletan eskegiten dituzte, eta horrela izaten dugu beraien erabakien berri”.
Batzordearekin egoteko
bi eskaera formal egin dituzte langileek, baina arrakastarik gabe. “Hala ere, badakigu batzordean badaudela gure alde egon ez arren, gutxienez gure eskaerak ulertzen dituztenak. Horien iritziz guk plus hori kobratzeko eskubidea daukagu”, azaldu dute.
17 urte eman dituzte jai egun plusak %0,75eko balioagaz konpentsatuz. Aurreko urteko abenduaren amaieran, zuzendaritzak plus hori aldatuko zuela jakinarazi zien, denboraz eta %0,25eko balioaz konpentsatuko ziela esanez. Langileek ez zuten proposamena onartu. Izan ere, denboran konpentsatzea ondo ikusten zuten, baina %0,75eko balioa mantentzea gura zuten.
Ezezkoa eman ondoren jai egun plusaren konpentsazio hori
“guztiz ezabatu” dela salatu dute langileek, eta jai egunetan lan egin arren ez dute inolako ordainketa edo abantailarik lortzen. Hori eginez, zuzendaritza batzordeak lan hitzarmenaren 3. xedapen gehigarrirako klausula hautsi duela adierazi dute: “Jasaten ari garen egoera hau zuzendaritzak hartu dituen erabakien ondorioa”.
Horri aurre egiteko, langileek “borrokarekin jarraituko dutela” esan dute, bai “legeak eskainitako baliabideekin” eta baita kontzentrazioekin ere, lanuzteak areagotuz, hitzarmena betetzea lortu arte.