Birziklatutako materialari sormena gehitu eta artelanak egitea gero eta arruntagoa da. Ramon Lejardi Fundazurik (Bedarona, Ea, 1960) Amorotoko Oleta auzoko kartoi enpresan lan egiten du, eta botatzeko kartoiak aprobetxatuta, koadroak egiten ditu. “Soldadutza amaituta hasi nintzen bertan. Bizi guztia daroat kartoi artean”, dio barrez.
Askotariko sormen lanak egiten ditu, eta hainbat erakusketa egin ditu, bakarka zein taldeka: “Margolanez gain, eskulanetan ere oso zaletua naiz, bai eta argazkilaritzan ere. Txandakatu egiten dut; teknika bategaz asko banabil, aspertu egiten naiz apur bat. Aldatzea asko gustatzen zait”. Facebooken eta Instagramen jartzen ditu lanen argazkiak eta bideoak, kartoizko teknikaren prozesu osoa erakutsiz.
Umetan gustukoa zuen marraztea eta eskulanak egitea. Etxean gordeta ditu 100 lan baino gehiago, eta horien artean daude soldadutzan egindako ispiluzko koadroak. Etxean eta Mendexako amaginarrebarenean estudio bana dauka, baina estudio handi bat izatea da bere ametsa. Horrela, kaxetan gordeta dituen koadroak edukitzeko lekua izango lukeela dio.
Bedaronako elizako sakristian egin zuen bere lehen erakusketa, teknika mistoko lanekin. Baina bakarrik egin dituen erakusketen artean, Olatuaren kartoiak izenekoa da bere kuttunena. Iazko sanblasetan Bedaronako txokoan jarri, eta bertaratutakoak aho zabalik utzi zituen. “Beste teknikak egiten egonda, zer edo zer desberdina egin nahi nuen; berezitasunen bat zeukan zerbait, gutxi ikusitakoa. Denek esan zidaten ea zelan egin nezakeen halako zerbait kartoiagaz”.
Paisaiak, herriko pertsonaiak, Frida Kahlo, Aduriz, Che Guevara, Charles Chaplin, Clint Eastwood, Audrey Hepburn… irudi ikusgarriak egin ditu. Batzuk margotu eta beste batzuk kartoiaren marroi koloreagaz edota zuriagaz uzten ditu. Adibidez, Ogellako egunsentiaren paisaia ederra margotuta dauka etxean: Otoio mendia, Santa Katalina, haitzak, bi pertsona arrantzan… Koadro batzuen markoak ere kartoiagaz eginda ditu.
Sketchcrawl
Euskal Herria’s Sketchcrawl elkarteko sortzaileetako bat da bedarutarra. Kale edo parkeetan eseri, eta ikusten duten paisaia zein pertsonak marrazten dituzte. Elkartea 2010ean sortu zuten, eta 2012an Gasteizen egin zuten lehen topaketa: “Ez ginen askorik batu, oraindik ez zelako hain ezaguna. Mundu mailan 35. topaketa izan zen; hemen lehena”, dio orduko argazkia eskuetan duela. AEBetan bizi den italiar batek sortu zuen arte adierazpen hori, eta hark jartzen du eguna. “Hilabete batzuk arinago esaten du eguna, eta gero bakoitzak bere zonaldean antolatzen du”.
Urtaro bakoitzean topaketa bana egiten dute. Udakoa beti izaten da Iruñeako San Ferminetan. “Behin joan nintzen. Apur bat berezia izaten da; jende gehiago egoten da». Kaleko artista hauen topaleku izan da Durangoko Azoka ere, bi urtez jarraian. «Lehen urtean margolari eta diseinatzaile sonatuak etorri ziren; oso ondo pasatu genuen”. Esaterako, iaz, Enkarterrietan egin zuten udaberrikoa, eta besteren artean, Pozalaguako kobak marraztu zituzten. Gasteiz, Bergara, Iruñea, Bilbo, Eibar, Baiona, Ea, Lekeitio… Euskal Herriko txoko askotan aritu dira, eta topaketa bakoitzean egindako argazkiak koadernoetan gordeta ditu. Hurrengoa Aramaion (Araba) egingo dute, zapatuan.
Arkatza, tinta, olioa, akrilikoa, akuarela, pastela, ispiluetan egindakoak, kartoietan egindakoak… askotariko teknikak eta estiloak landu ditu urteotan.
Kartoitik egurrera salto egin, eta paletak dira orain bere euskarri. Horiek ere birziklatuz, beste erabilera bat eman gura izan die. Adibidez, munduko mapa eta etxetxoak egin ditu zuragaz.
Arkatzagaz eta ikatz zirizagaz egindako lanak ere asko ditu. Horietako batzuk oporretan eginak dira. Adibidez, Lekunberrin zeudela udaletxe alboko baserri bat marraztu zuen: “Han jesarri eta geldiro-geldiro egiten hasi nintzen. Gero, etxean landu nuen; honek denbora eroaten du”. Denetarik dauka: Leitzan egindako bat, Gernikako azokan andre bat, arrantzalea, Bedaronako paisaia, Goku marrazki bizidunetako pertsonaia, Santa Luzia ermita, Lekeitioko Konpainia kaleko eliza, Durangoko ermita bat, telebistan ikusitako filmetako pertsonaiak, lehengusinari egindako erretratua…
Bestelako teknikagaz, Bedaronako tabernako baldosak koadro japoniar estiloan marraztuta dauzka koaderno batean. Emakume arrantzalea, euskal dantzak, ohiturak eta kirolak ageri dira.
Teknika abstraktua ere landu izan du, zuri-beltzez zein kolorez; zentangle-art teknika abstraktua: “Hau modernoagoa da, baina aurretik mandalasak zeuden”.
Asko eta askotarikoak
Bitxikeria asko ditu, eta irudimena falta ez zaiola igartzen da. Adibidez, egurra, beira eta kartoia uztartuz baserri bat egin berri du: “Hiru dimentsiotan ikusten da. Teilatua egin, eta kartoiagaz izena jarri diot behean. Alde batera edo bestera irakurri, izen bat irakur daiteke, Gunengu (bere izena herriko hizkeran), eta Goenengoa (benetako izena) bestean. Telefono mugikorrentzat kasete itxurako karkasa bat ere kartoiagaz egin du oraintsu. Ean eta Natxituan kartoizko lanekin egindako erakusketak egin gura ditu: “Paisaia gehiago egin nahi ditut kartoiagaz, eta hemen egin nuen moduan, Ean eta Natxituan bertako jendearen erretratuak egin”.
Eskulan asko ditu: Planetario bat, Euskal Herriko erliebez egindako mapa, origamiak eta Ogellako harriak kaktus margotuta, itsasontzia itsasoan, Converse zapatila urdinak eta hontza koloretsua, besteak beste. Bere materiala edukitzeko euskarriak ere kartoiz eginda ditu.
Halaber, Leatarren Eguneko eta Bermeoko Arrain Azokako kartel lehiaketetara, eta Lea Ibarreko egutegi eta logo lehiaketara ere aurkeztu da. Mendexako ipuin lehiaketa irabazi zuen behin. Ipuin berezia aurkeztu zuen: osaba batek kontatutako istorio bat marrazkiekin osatuta.
Bestalde, urte asko daramatza senide eta lagunei Gabonetako postalak egiten, eta horien urtebetetze egunetan ere eskulanak edo koadroak oparitu izan dizkie. Adibidez, Instagramen ikusgai ditu iazko abenduan pop-up teknikagaz egindakoak. “Olentzero eta Mari Domingi, zuhaitza opariekin… bakoitzari desberdina egiten diot”.
Interneti esker teknika, estilo eta jende asko ezagutu du, eta pasadizo bitxiak dauzka. Oraintsu eskari berezia jaso berri du: “Ama Natxitukoa duen batek idatzi dit Idahotik. Natxituko koadroak ditudala ikusi du Interneten, eta 2011n egindako bat gura du. Haizeder eskola egiten zebiltzan garaikoa da, garabia eta guzti ageri da. Natxituko lehengusuek eroango diote udan”.