Azken krausskada agertokietan
Talde mutrikuarrak Mutrikuko Gaztetxea aukeratu du azken krausskada emateko. Uther taldearekin batera taularatuko dira gaur, 23:00etatik aurrera.Kraussk metal taldeak ibilbidea etetea erabaki du. Boskoteak gaur agurtuko ditu jarraitzaileak, bederatzi u...
Talde mutrikuarrak Mutrikuko Gaztetxea aukeratu du azken krausskada emateko. Uther taldearekin batera taularatuko dira gaur, 23:00etatik aurrera.
Kraussk metal taldeak ibilbidea etetea erabaki du. Boskoteak gaur agurtuko ditu jarraitzaileak, bederatzi urtez Euskal Herriko eta kanpoko hainbat bazterretan oholtzarik oholtza ibili ondoren.Agur esateko bi kontzertu eskaini dituzte, eta azken emanaldia herrian bertan egingo dute. Lehen kontzertua eman zuten toki berean emango diote bukaera euren ibilbideari: Mutrikuko Gaztetxean. «Lehenengo kontzertua Gaztetxean eman genuen 2009ko Berdel Egunean. Oso toki berezia da guretzat».
23:00etan izango da kontzertua, eta sarrera doakoa izango dela nabarmendu dute. Eta kartel burua Kraussk baldin bada ere, Uther metal taldearekin batera igoko dira oholtzara. «Espero dugu jendea etortzea, eta ondo pasatzea».
Kontzertuari buruz askorik aurreratu ez badute ere, ezusteko ugari izango direla azpimarratu dute. «Festa giroa nagusi izango da taldearen azken kontzertuan. Gure asmoa ahalik-eta jende gehien batzea da, agur bero bat emateko».
Beraien sustraietara bueltatu eta Mutrikuko Gaztetxea lehertzeko asmoa dute metal doinuekin. Kontzertu berezia prestatu dute gaurko, eta, tartean, aspaldi jo gabeko kantak eta ezagutzera eman gabeko beste bateren bat edo beste taularatuko dituzte. «Gure jarraitzaileen aurrean dena emateko prest gaude. Errepertorio oso berezia prestatu dugu, ohikoa baino luzeagoa. Besteak beste, maketako pare bat kanta joko ditugu, eta aspaldi jotzen ez genuen kantaren bat ere berreskuratuko dugu. Horrez gain, grabatu gabe ditugun kanta berriren bat edo beste ere joko ditugu».
Azaldu dutenez, hamabost bat kantaz osatutako erreportarioa eskainiko dute ordu eta erdi inguruan, kolaborazio berezi eta guzti. Izan ere, azken urteotako ibilbidean kolaboratzaile izan dituzten hainbat ere eurekin batera igoko dira oholtzara.
Mailarik onenean
Ibilbide musikalaren mailarik onenean badaude ere, taldea behin betiko desegiteko ordua heldu dela diote. «Taldearekin jarraitzeko asmoa genuen hasiera batean. Izan ere, taldean inoiz baino maila hobea eta potentzial handiagoa dagoela deritzogu. Kanta berriak sortu eta beste disko bat kaleratzeko gogotsu geunden, gainera. Baina bizitzako bestelako lehentasunengatik, ezin diogu taldeari nahi besteko garrantzia eman».
Nabarmendu dutenez, pena handiarekin utziko dute taldea, eta etorkizunean ere musika munduan murgilduta jarraituko dutela jakitera eman dute.
Mutrikuko Rock Kolektiboaren baitan jaio zen boskotea, eta harrez gero, metalaren orrua han-hemenka zabaltzen ibili dira. Metal doinuak ardatz hartuta, Euskal Herriko hainbat oholtza zapaldu dituzte. Eta metal horzkada euskal mugetatik haratago ere eraman dute Krausskeko mutilek. Espainiako hainbat hiriburutan zehar bira txiki bat ere gin zuten 2015 udaberrian, zuzeneko indartsuak eskainiz.
Ibilbideari dagokionez, taldearen izen bereko bost kantuz osatutako maketarekin egin zuten debuta mutrikuarrek 2011ko abenduan. Garai hartan sorrerako lehen bost kideek osatzen zuten taldea: Beñat Peralesek (ahotsa), Jon Antxustegik (baxua), Aritz Larreak (gitarra), Ibon Aginagak (gitarra) eta Igor Lizardik (bateria). Handik gutxira utzi zuen taldea Lizardik, eta Aitzol Collazok hartu zuen hark utzitako tokia.
2014ko ekainean, berriz, hestudioko lehenengo diskoa kaleratu zuten: Gudaberria. Euren disko bakarrak taldeak berak sortutako kantak jaso zituen, eta tartean, maketako hainbat kantu berreskuratu zituzten. Han jasotako kantek gai asko ikutu zituzten. Eta batez ere, kritika soziala egin zuten, beti ere, euren ikuspuntutik: etxe kaleratzeak, sexua, identitatea, natura…, hainbeste gai jorratzen zituzten abestietan.
Lan horri esker sendotu zen taldea. Krausskek jendea harrituta utzi zuen lehen lanarekin, eta harrera eta kritika onak jaso zituzten. Lan horri esker, gainera, Bilbo Hiria Pop-Rock lehiaketan parte hartu zuen banda mutrikuarrak, eta lehiaketa lortutako emaitza onari esker, Bilbo- rockeko taulagainean jotzeko aukera izan zuten.
Ahots berria
Zazpi urte taldean egon ostean, berriz, Antxustegik eta Peralesek talde uztea erabaki zuten 2016ko udazkenean. Handik hilabete batzuetara, Kraussken ibilbidean ondoan izan zituzten bi lagunekin osatu zuten taldea: Igor Akarregi ondarrutarrarekin eta Iñaki Urrutia mutrikuarrarekin.
Lehenengo urteetan aldaketak izan ondoren, honakoak izan dira azken bi urteotan taldean aritu diren kideak: Igor Akarregi (ahotsa), Iñaki Urrutia (baxua), Aritz Larrea (gitarra), Ibon Aginaga (gitarra) eta Aitzol Collazo (bateria). «Mutrikuko hurbileko jendeak talde berria dugunetik oraindik ez gaitu ikusi herrian bertan jotzen. Taldekide bi aldatzean, baxua eta ahotsa kasu honetan, taldearen soinuaren kolorea ere aldatu egiten da pixka bat. Zaleek beste Kraussk bat ikusteko aukera izango dute, nahiz eta taldekide asko lehengoak izan».
Bederatzi urtean agertokiz agertoki oso momentu onak bizi izan dituztela aitortu dute, eta hor atzean laguntzen aritu izan direnei eskerrak eman nahi izan dizkiete. «Inguruan laguntzen egon diren guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Bereziki, Endika Lekube Wendy gurekin tekniko modura ibili denari eta taldekideak izan diren Igor Lizardiri, Jon Antxustegiri eta Beñat Peralesi».