Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan batzartu ziren atzo arratsaldean herritarrak Idurre Bideguren Bermeoko alkateagaz, Irune Ormaetxea Urigintza, Obra eta Ingurumen zinegotziagaz, Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen diputatuagaz eta Unai Gangoiti, aldundiko Ingurumen zuzendariagaz. Herritar asko hurbildu zen bilerara;
aretoa gainezka egon zen.
Batzarraren helburua aldundiak Gaztelugatxeko San Joanen inguruan aurkeztutako
proposamenen berri ematea eta ideia orokorrak partekatzea zen. Gainera, herritarrek proiektuaren buruz dauzkaten beraien kezkak eta zalantzak adierazteko aukera izan zuten.
Bidegurenek azaldu zuenez, Gaztelugatxek azken urteetan izan dituen
bisitarien kopuruak gora egin du. Horrela, Gaztelugatxek daukan “erakargarritasuna” azpimarratu zuen; Bizkaian turistek gehien bisitatzen duten bigarren lekua da.
Urteko egun zehatz batzuetan normalean baino bisitari kopuru gehiago batzen dira, arazo ugari sortuz. Udalaren “antolaketarako bitartekoak” mugatuak direnez, Gaztelugatxen alor ezberdinetan lanean ari diren elkarteetako eta erakundeetako arduradunak batzea eta denen artean koordinazio hobea lortzea bilatu dute. Guztien helburua
ingurumena babestea dela gogora ekarri zuten atzoko batzarrean.
Horrela, erronka ugari definitu eta identifikatu dituzte, eta horiei erantzuna ematea da beraien asmoa. Estrategia, komunikazioa, irisgarritasuna, zerbitzuak, ingurumenaren kudeaketa edota gobernantza hobetzeko konpromisoa hartu dute.
Unzueta, Ormaetxea, Bideguren eta Gangoiti.
Alkateak “ahultasun” ugari eman zituen aditzera: “Denok dakigu nolakoa den bide zaharraren egoera, eta adibidez, seinaleztapen aldetik arazoak ere izan ditugu. Guzti hori jakinda 2014an inflexio puntu bat izan genuen”.
Unzuetak proposamenen atzean “hainbat eragile” daudela nabarmendu zuen. Koordinazioa bilatuz “famili moduan lehen pausoa” eman, eta martxoaren 20an,
436 orriko proposamena aurkeztu zuten. Proposamenean bildutako ideiak “irekiak” direla azpimarratu nahi izan zuen diputatuak, bertan azaldutako
edozein punturi buruz eztabaidatu eta ekarpenak egitea posiblea dela esanez. Ekarpenak gehitzeko edota eztabaidatzeko epea
ekainaren 1era arte jarri dute.
Ingurumena izan zen batzarreko gai nagusietako bat.
Errespetuzko Turismo eredua sustatu nahi dute, ingurugiroarekiko jasangarria dena. Aldundia “konprometituta” dagoela adierazi zuen Unzuetak, “seriotasunez lan egiteko” asmoa azpimarratuz.
Ingurumenarekin batera, garapen ekonomikoa bilatuko dute, bermeotarrek hori lortzeko “aukera aparta” daukatela esan zuen diputatuak. Hala, asmoa Bizkaia osoa ekonomikoki bultzatzea dela zehaztu zuen. Hori lortzeko “gobernantza eredu bat ezartzea ezinbestekoa” dela argi utzi zuen, aldundiak Bizkaiko parkeetan, beste eragile batzuekin batera, daramatzan moduan.
Bizkaiko kostaldeko udalerriei proiektu bakarra eskaini nahi diete, Gaztelugatxe “bizkaitar guztien ikonoa” dela adierazita.
Hiru maila geografiko
Aurkeztutako proposamenak hiru maila edo gune geografikoren arabera banatzea erabaki dute: Gaztelugatxe eta bere ingurua, Bermeo-Bakio eta Bizkaia eta Bizkaiko kostaldea.
Batzarrean behin eta berriz azpimarratu zen “Bermeoko nortasuna mantendu” egin nahi dela, identitate eta kultura aldetik. Hain zuzen, proiektuak ez ditu soilik turistentzako eta bisitarientzako hobekuntza eta proposamenak biltzen; hartuko diren erabakiak bermeotarrentzat ere onuragarriak izango direla argi utzi zuten atzo.
Aretoa beteta egon zen, eta herritarrek beraien zalantzak aditzera emateko aukera izan zuten.
Gaur egun ingurura iristeko garraiobide nagusia ibilgailu pribatua da, eta zirkulazio arazoak sortzen dira. Beraz, proposatutako ideien artean dago Gaztelugatxe bisitatzeko asmoz datozenentzako Bermeon
aparkaleku bat egitea, eta handik autobus zerbitzua eskaintzea. Hori dela eta, aparkalekuaren ondoan baselizara doazen autobusak irtengo diren geltoki bat ezartzea pentsatu dute.
Horrela, garraio publikoa erabiltzea bultzatzeaz gain, bisitariak Bermeon gelditzea lortu gura dute. Jasotako datuen arabera, Gaztelugatxe bisitatzera doazen turistek ez dute inguruko herrietan gelditzeko ohiturarik. Beraz, Bermeon geratzeko arrazoi bat izanda, herria bisitatu edo herrian
egonaldi luzeagoak egin litzatekeela uste dute, bertako ekonomia bultzatuz.
Gainera, txirrindularientzat eta oinezkoentzat
irisgarritasuna hobetu nahi dute, Donienera sartzeko ibilbideak eta eskailerak egokituz. Aldi berean, Bermeo eta Bakio Gaztelugatxerekin lotzen dituzten bideak ere hobetzeko asmoa azaldu dute.
Zerbitzuegatik kobratu
Bai udala eta bai aldundia, biak argi azaldu dira Gaztelugatxera joateagatik kobratzeko asmoari buruz:
“Gaztelugatxera sartzearren ezin da kobratu”. Hala ere, eskainitako zerbitzu zehatz batzuengatik kobratzea aztertuko dute, esate baterako, “autobus zerbitzuagatik, bisita gidatuengatik edota bestelako zerbitzu pribatuengatik”.
Udalaren eta Aldundiaren arduradunek hitz egin ondoren, herritarrek beraien kezkak azaltzeko aukera izan zuten. Asko izan ziren zalantza eta proposamenak partekatu zituztenak, eta batez ere
bermeotarrek proiektuan parte hartzeko aukera ematea eskatu zuten: “Eragile ezberdinen artean herriak ere hitza izatea, denak jesarri eta horren inguruan adostasun batera iristea”.