Euskadiko Batel Txapelketa lehiatuko dute asteburuan
Arabako Legutio herriko estropada eremuak hartuko du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako arraun taldeentzat hain berezia den hitzordua.
Zapatuan 16:00etan hasiko dira kanporaketak, eta domekan, 11:00etatik aurrera jokatuko dituzte finalak.
24 klubetako arraunlariek parte hartuko dute zapatu arratsaldeko saioan, eta Busturialdetik Bermeoko eta Elantxobeko ordezkariak ariko dira domekarako txartela lortzeko lehian.
Bermeoko Arraun Elkartetik, neskak zein mutilak lehiatuko dira umeen mailan, eta gazte eta kadete mailetan mutilen batel bana ariko da lehian. Elantxobeko arraunlariak, mutilen kadete eta gazte mailak lehiatuko dituzte.
Zapatuan 14:30ean izango da ordezkarien bilera eta bertan txandak eratu eta balizaz zozkatuko dituzte.
Umeen kategorian, bi luze eta ziaboga bat egin beharko dituzte, 1.000 metroko estropada eremuan. Kadeteek hiru luze eta ziaboga batean lehiatuko dute proba, 1.500 metroko estropada eremuan. Gazte eta senior mailetako batelek, ostera, 2.000 metroko estropada eremua izango dute, eta lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte.
Maila bakoitzeko lehenengo lau sailkatuek lortuko dute domekarako txartela. Eta Euskadiko Txapelketan lehenengo hiru postuak lortzen dituztenak sailkatuko dira Espainiako Txapelketara (aurretik hura jokatzeari uko egin ez badiote).
Bizkaiko Txapelketa
Aurreko astean bermeotarrak bandera bategaz bueltatu ziren Sestaon lehiatutako Bizkaiko Batel Txapelketatik. Bermeoko Arraun Elkarteak mutilen txiki, kadete, gazte eta senior mailetako finalak jokatu zituen domekan, eta txikietan azkarrena izan zen. 04:46.21 denboragaz urrezko domina irabazi zuten bermeotarrek. Arkote bigarrenari zazpi segundo eta 47 ehunen atera zizkion batel irabazleak, eta Deusturentzat izan zen brontzezko domina (Bermeoarengandik zortzi segundo eta hemeretzi ehunenera sailkatu zen).
Kadeteetan brontzezko domina lortu zuen talde bermeotarrak. Itsasoko Amaren eta Deusturen atzetik sailkatu zen; lehenengoarengandik bi segundo eta 94 ehunenera geratu zen.
Bestalde, gazte eta senior mailetan laugarren postuan sailkatu ziren bermeotarrak.