Busturiako zeramikagintza nazioarteko erreferentziadun industria izan zen, XIX. mendean industriaren aintzindaria bilakatuz Bizkaia mailan. Garai hartan San Mames buztinola fabrika sortu zen busturian, herrian errotutako hiru familien eskutik: Uriarte, Bulukua eta Txirapozu.
Busturiko Kultur Etxean antolatu dute udalerrian fabrikatutako piezen inguruko erakusketa. Horrekin batera, Javier Gonzalez de Durana irakaslea, La ceramica de Busturia liburuaren idazlea, izan zen pasa den barikuan hitzaldia ematen eta Labayru fundazioak egindako dokumentala aurkezten.
San Mames lantegian batez ere mahaiontziak eta apainketarako zeramika lanak egiten ziren. Lehenengoak izan dira gehien bat Bilboko Euskal Museoan eta bilduma pribatuetan gordetan direnak: zaharrenak adibidez, Txirapozu familiak berak eskainitakoak dira.
Mahaiontzien zeramika lanen artean denetarik aurkitu daiteke: azpilak, pitxerrak, saltza-ontziak, sopa-ontziak, fruta ateratzekoak edota te eta kafe zerbitzuetakoak ere. Tamainu eta forma guztietako piezak egiten ziren lantegian. Gainera, pieza hauek ez ziren aberatsentzat egindakoak bakarrik: herritar xumeentzat ere egindako lanak aurkitzen dira San Mames lantegiak sortutako piezen artean.
Eraskusketan ikusgai dauden zeramika piezak. L.U.L.
Hala ere, lantegiaren helburuetako bat gero eta buztin-ore zuriagoa lortzea zen, horrekin aristokrata eta jauntxoek erabiltzen zituzten portzelana piezak imitatu nahian. Horregatik, San Mames lantegian egindako pieza motei ‘lur-zurizkoak’ deitzen zaie, hortaz, erdi-portzelanazko lanak dira. Gaur egunera arte osorik iraun duten zeramika lan gehienek irudi bera erakusten dute, hori izanik gehien erabili zena: paisaia irreal bat ageri da bertan, ekialdetar estiloko eraikinekin.
Orokorrean, zeramika irudiak zuri-beltzean joaten ziren, hostoetatik lortutako errautsa erabiliz. Hala ere, beste kolore batzuk ere erabiltzen ziren, urdina eta berdea adibidez.
Busturiko Udalak Euskal Museoari bere eskerrona adierazi dio erakusketako piezak eskaintzeagatik, baita Sabino Arana Fundazioari eta Gernikako Udalari. Erakusketa apirilaren 26ra arte egongo da ikusgai Busturiako Kultur Etxean.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.