Ondarroako Udala eta Cikautxo, elkarlanean
Ondarroako Udalak eta Berriatuko Cikautxo kooperatibak lankidetzan jardutea adostu dute. Bien arteko akordioa atzo sinatu zuten kooperatibaren egoitzan bertan, Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak eta Gotzon Juaristi Cikautxoren presidenteak.Hitza...
Hitzarmenaren bidez udalak erabilgarri duen Bide Onera zinema aretoko oholtzaren erabilera eta muntaia bermatuko dizkio Cikautxori hala behar duenean. Kooperatibak, bestalde, Itsasaurreko umeen jolas parkean beharrezkoa den koloretako kautxua emango dio trukean. Lau urterako sinatu dute elkarlan hitzarmena, 2021era arte. «Epe horren ostean aztertuko dugu hitzarmena luzatu edo ez».
Kooperatibak urteroko bazkide batzarra hainbat urtez Ondarroatik kanpo egin ostean, iaz berriro Ondarroan egitea erabaki zuten. «Cikautxo udalagaz jarri zen harremanetan iaz urteroko batzarra Bide Onera zineman egiteko. Izan ere, batzarra bertan egiteko agertokia handitzea behar zuten».
Cikautxok behar duenean azpiegitura hori uztearen truke, hain zuzen ere, hiru bat tona kautxu emango ditu Itsasaurreko parkea berriztatzeko. «Jolas parkeetan, normalean, bi geruza ipintzen dira. Guk, zehazki, gaineko koloretako kautxua jarriko dugu».