Emozioak, akuarelen bidez
Ricardo Ruiz de Gopegi Rivera artista sestaotarrak akuarela teknikaz irudikatutako paisaiak ikusgai daude egunotan, Uhagon kulturgunean eta udaletxeko harreran.Maiatzaren 6ra arte, Paris (Frantzia), Bali (Indonesia), Florentzia, eta Erroma (Italia), Eg...
Ricardo Ruiz de Gopegi Rivera artista sestaotarrak akuarela teknikaz irudikatutako paisaiak ikusgai daude egunotan, Uhagon kulturgunean eta udaletxeko harreran.
Maiatzaren 6ra arte, Paris (Frantzia), Bali (Indonesia), Florentzia, eta Erroma (Italia), Egipto, Bilboko itsasadarra zein Errioxako lautadak miresteko aukera egongo da, besteak beste, Markina-Xemeinen. Ricardo Ruiz de Gopegi Rivera sestaotarrak akuarela teknikagaz margotutako 55 lanez osatutako erakusketa zabaldu du. Tamaina ezberdinetako 36 artelanekin jantzi ditu Uhagon kulturguneko hormak, eta beste 19 koadro jarri ditu ikusgai, udaletxeko harreran. Herrialde ezberdinetako landa, itsasertz eta hirietako paisaiak dira. Uhagonen ikusgai daudenen artean, Markina-Xemeingo sei ere badaude.Akuarelaren transparentzia, argitasun eta edertasunagaz gauza gutxi parekatu daitezkeela dio bere kasa ikasi duen artistak. 17 urtegaz hasi zen olioak margotzen, eta soldadutza eginda urte askotan geldirik egon ondoren, 2003an berrekin zion margotzeari. 2013ra arte ez zen hasi akuarela teknikagaz. Lagun baten bidez hurbildu zen gaur egun teknika kutunena duen horretara. Eskola batzuk eman zituen, eta akuarelaren xarmak harrapatuta gelditu zen.
Olioaren aldean, akuarelak zehaztasun handia eskatzen duela azaldu du Ruiz de Gopegik. «Olioan akatsa eginez gero, gainetik margotu eta akatsa estali egiten da. Akuarelan ez». Gainera, ura nahi duen lekura joaten dela dio. «Ideia bat izan dezakezu, baina ez dakizu nola amaituko den, ez dakizu urak nora eramango zaituen». Hala ere, teknika horrek koadroari ematen dion bat-batekotasuna eta freskotasuna atsegin ditu. «Lana hasi eta bukatu egiten da, saio bakarrean».
Bere lanak jendaurrean azaltzea gehiegi gustatzen ez zaiola aitortu duen arren, Markina-Xemeingoa Sestaoko artistaren bigarren erakusketa izango da; Frantziako Eauze herrian azaldu zituen bere lanak jendaurrean lehenengoz, beste pintore eta eskultore batzuekin batera. Markina-Xemeinera azken urteetan sortutako lanak ekarri ditu, 2016 eta 2018 urteen artean egindakoak, eta Emozioak izena ezarri dio erakusketari, azaldu duenez, artelanek sentipen ezberdinak eragiten dizkio-eta ikusten dituenari.