Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udaberriko fasea hasiko da bihar [apirilak 14]. Hurrengo saioetan ikusiko den lana ez da egun batetik bestera gauzatzen den kontua. Su geldoan prestatzen dira bihar-etzi plazetan arituko diren bertsolariak. Gazte hasten dira hitzekin eta errimekin jolasean, eskola garaian. Bertsozale elkarteetako irakasleak
LH 5 eta LH6ko ikasleekin aritzen dira; kasu batzuetan, LH4koekin ere bai; adin horretarako sormenerako gaitasuna daukatelako. «Horrek ez du esan nahi etorkizunean adin tarte hori zabalduko ez denik, ze bertsoetako gaitasuna, beharbada, LH5 eta LH6 mailetan hasten da, baina hizkuntzaz jolasteko ahalmena 4 edo 5 urterekin hasten da», adierazi du Maddi Ibaibarriaga
Bizkaiko Bertsozale Elkarteko komunikazio arduradunak.
Berriatuko bertso eskola
Indartuz eta indartuz. Urte ugari dira bertsogintza eskoletan ematen dena. Ikastolen elkarteak ekin zion orain urte asko, eta bertsozale elkarteak dira azken urteetan ardura hartuta daukatenak.
Lea-Artibain ia herri guztietan dago proiektua martxan. Ispasterren ez, gainontzeko herri guztietan dihardute, eta datorrren urtean proiektua Ispasterrera ere zabaltzeko asmoarekin.
Mutrikun, eskola bietan ematen dute, kasu horretan
Gipuzkoako Bertsozale Elkaratekoek, eta
Busturialdean, Bermeo, Gernika, Artea, Busturia eta Muxikako eskoletan. Horrenbestez, ehunka dira bertsogintzarekin lehen kontaktua egiten duten eskola umeak.
Mundu bat bertso proiektua orain urte bi sortu zuten, lehendik martxan zegoen Gu ere bertsotan egitasmoari lekukoa hartuta, eta bertsogintzarako oinarriez jabetzeko unitate didaktikoez hornituta. Euskal Herriko irakasleen artean sortzen dute materiala, eta irakasle bakoitzaren esku dago erakargarri egitea, jolasen bidez, taldean lan eginda eta jende aurrean abesteko motibazio tekniken bidez.
Batean kale, bestean bale. Lea-Artibaiko eskoletako irakaslea
Jone Antsotegi aulestiarra da. «Igartzen da herri txikietan handietan baino bertsorako ohitura handiagoa dagoela. Bestalde, beste eskualde batzuekin alderatuta, nahiz eta
Lea-Artibain hizkuntza menperatu, bertsolaritzari ez zaio ematen euskara horrenbeste errotuta ez dagoen eskualdeetan ematen zaion garrantzirik», adierazi du.
Ander Elortegi da Busturialdean arduradun, eta, horrenbestez, azken urteotako garapenaren lekuko ere bada. «
Bermeon, gaitzago izan da indartzea, lehendik bertso eskolarik ez zegoen eta.
Gernikan, eboluzio itzela egon da, ostera, ze umeek ikusten dute zubia bermatuta daukatela, hau da, ikastetxetik irten eta badaukatela bertso eskola bat; herri mailan nora joan», adierazi du.
Generoaren lanketa bertsozale elkartearen kezka nagusi bat bihurtu da, 17 urte egiten dituztenean, bertsotan dabiltzan neskek utzi egiten dutela eta.
Bizitzarako irakaspena. Bertso eskoletan diharduten hamarnaka irakasleek bihar-etziko bertsogintzaren haziak ereiten dituzte. Dena dela, ekarpena ez da horretara mugatzen. Eskoletako ikasleek bizitzarako ikasbidea ere jasotzen dute. «Bat-batean sortzeko gaitasunak
egunerokotasunerako erramintak ematen dizkizu. Eta bat-batekotasunean bizi gara. Balio handia ematen zaio. Era berean, bertsogintza geure-geurea da», esan du Maddi Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko komunikazio arduradunak.
Generoak eragiten duen ardura. Generoaren lanketa bertsozale elkartearen kezka nagusi bat bihurtu da, hezkuntza araututik bertso eskolara pasatzean, eta, batez ere, 17 urte egiten dituztenean, bertsotan dabiltzan
neskek utzi egiten dutela eta.
«Bizkaiko azken txapelketako datuak deigarriak dira. Finalean, lau neska eta lau mutil egon ziren, erdi eta erdi. Baina hasi, 12 neska hasi ziren; 56 lagunetatik 12 baino ez. Beste diziplina batzuetan gauza bera gertatzen da; neskak, behin adin batera heltzean, ordura arte egiten egon direna uzten joaten dira, batetik, azterketei lehentasuna ematen dietelako, eta, bestetik, neskentzat ez delako adinik onena jendeaurrean aritzeko», adierazi du Maddi Ibaibarriaga Bizkaiko Komunikazio arduradunak.
Barrutiko bertso eskola
Ahalduntze eskola. Generoaren inguruko gogoetak eraginda, Bizkaiko bertsozale elkarteak Zilekoa ahalduntze eskola martxan jarri du
18 urtetik beherako neskentzat. Hilean behin, zapatu goizetan, bertsotan aritzen diren neskek gogoetak, kezkak eta umorea partekatu eta ahalduntzea lantzen dute. Horrez gain, hezkuntza arautuko irakasleek, hau da, LH5 eta LH6ko irakasleek, genero formakuntza jasotzen dute, eta materialgintzan ere badaukate generoaren gaineko materiala, ikasleekin jorratzeko. Horrenbestez, generoaren gaiak liburu guztietan dauka tartea. Edozelan ere, diotenez, gazteek daukaten
ereduak asko baldintzatzen du parte hartzea. «Irakaslea neska den eskualdeetako bat-bateko taldeetan neska gehiagok ematen dute izena irakaslea neska ez den lekuetan baino», esan du Jone Antsotegi irakasleak.