Bird Centerri, Europako saria
Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center garaile suertatu da bosgarren urtez ospatu duten Europako Lurralde-Marketin Sariketan. GAIA elkarteagaz egindako lankidetza aitortu diote Estrasburgon.Urdaibai Biosfera Erreserbak daukan aberastasuna ezin ukatu; ...
Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center garaile suertatu da bosgarren urtez ospatu duten Europako Lurralde-Marketin Sariketan. GAIA elkarteagaz egindako lankidetza aitortu diote Estrasburgon.
Urdaibai Biosfera Erreserbak daukan aberastasuna ezin ukatu; dela paisajistikoa dela naturala. Berezia da, era berean, eta horrek egiten ditu berezi bertan kokatuta dauden mendi, padura, hondartza zein instalazioak: tartean, Bird Center.Berezitasun horrek, gainera, lagundu egiten du; ez bakarrik turismoa erakartzen edo ospea hartzen; sariak jasotzeko ere balio du. Naturaren museo bizia den Bird Centerrek, esaterako, lagungarri izan du bere kokapena Europako Lurralde-Marketin Sariketan, eta aukera guztien artean garaile suertatu da GAIA Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartearen elkarlanaren ondorio legez.
Europako Lurralde-Marketin Saria da, hain zuzen ere, Estrasburgotik Gautegiz Arteagara ekarri dutena. Berrikuntza arloan lantzen duen ereduagatik eta turismo zientifiko eta jasangarriaren kudeaketagatik saritu dute hegaztiak behatzeko aukera ematen duen zentroa. Aintzat hartzekoa da, gainera, padurako behatoki horrek ekipamendu berean biltzen dituela teknologia berrietan oinarritutako ikerketa, kontserbazioa, turismoa, formakuntza eta ingurumen hezkuntza.
Unescok ekonomia eta enpresa aktibitate alorrean egin dituen kalifikaziorako murrizketetatik ere etekina atera du Bird Centerrek, eta ikerketa, turismo jasangarri eta berrikuntza mailan abangoardian dagoen kudeaketa eredu bat garatu du.
Europako Lurralde-Marketinaren promoziorako katedra izan da Bird Centerri saria eman diona: zehazki, Aix-Marseillako unibertsitateko New Place Marketing and Attractiveness Chair entitatea. Natura inguruko erakargarritasun eta promozio hoberenaren mailan hartu du, hain justu, irabazlearen saria.
Martxoaren 26an eta 27an eman zituzten sariok Estrasburgon, eta sariketa ekitaldian 400 partaide baino gehiago bildu ziren. Sari horiek aukera ematen dute ingurumenean, gizartean eta ekonomiaren kudeaketa jasangarri bat erakusteko.
Sarituak
Lurralde-Marketinerako bosgarren sariketa izan da aurtengoa, eta Bird Centerregaz batera, honakoak ere saritu dituzte: Val de Garonnako garapen turistikoa (Frantzia), Indianapoliseko 500. jaialdia, Makesomething Edmonton Kanadako plataforma, Eindhoven 365 ekimena eta Saint-Michelo de Cahaillol herriko jaialdi kulturala.
Aurreko sariketetan ere, nazioarteko erreferente diren hainbat lurralde eta entitate saritu izan dituzte; esate baterako, sarituen artean daude Medellingo hiria, Oslo hiriaren turismorako proiektuak edota Connecticuteko ekonomia ezagutza.