07:00etatik aurrera zabalik egongo dira ibilgailuentzat. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak agerraldia egin du goizean
Urdinbideko tunelen irekieraren berri emateko.
Gaurkoa egun handia dela nabarmendu du Bizkaiko Ahaldun Nagusiak. Obra honekin
segurtasuna, komunikazioa eta bizi kalitatea hobetzea lortuko dela adierazi du. Autzaganen istripu asko egoten direla-eta, hemendik aurrera horrela ez izatea espero dutela gaineratu du.
Autzaganetik
egunero 16.000 ibilgailu pasatzen direla azaldu du, horietatik 1.300 kamioiak dira. “1.500 ibilgailu atera ditugu Amorebieta erdialdetik, eta hori ere oso garrantzitsua da; bizi kalitate zein ingurugiro ikuspegitik ere hobekuntzak dakartzalako. Gainera, Bizkaiarentzat eta Euskadirentzat altxorra den Urdaibai Bizkaiarekiko komunikatzea ahalbidetuko du”.
Teknikoki nahiz ingurumenaren aldetik
“obra konplikatua” izan dela gogora ekarriz, lanotan aritu diren enpresa eta langileei eskerrak eman dizkie. “5 urteko lana eta 70 milioi euroko inbertsioa suposatu du. Erronka bat izan da teknikaren zein ingurumenaren aldetik, izan ere, hemendik akuifero bat igarotzen da. Baina lortu dugu. Bizkaiari eman genion hitza bete dugu. Ongi etorria izango da inbertsio eta esfortzu hori, horrela, zirkulazio istripuak saihesten badira eta bizkaitarren konexioa eta bizitza kalitatea hobetzea lortzen bada”.
Rementeriaren berbetan, belaunaldi berriei “Bizkaia hobea uzteko” ekimenak egitea da aldundiaren helburua, eta horren adibide jarri du Autzaganeko obra.
Rementeriaz gain, Imanol Padrales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatua, Jose Maria GorroƱo Gernika-Lumoko alkatea eta Andoni Agirrebeitia Amorebieta-Etxanoko alkatea egon dira Autzaganen.
Halaber, instituzioetako ordezkariekin batera,
EHUko ingeniaritza ikasle talde bat egon da herri lana bisitatzen, eta lanen arduradunak azalpen teknikoak eman dizkie bertaratutakoei. Guztira 3,4 kilometroko tartean egin da lana, AP-8 eta N-634 errepideak elkartzen dituen biribilgunetik Autzagane lur-azpitik igaro arte. Eremua iragazgaizteko aurre-injekzioak bezalako irtenbide tekniko berritzaileak erabili dituzte, ingurumeneko eta segurtasuneko premisa guztiak beteko zituen tunelaren hondaketak egin ahal izateko.
Behin, tunelak zabalduta, orain Gorozika-Ariatza tarteko Bideen Plan Bereziaren bigarren fasea gauzatzeko esleipenari ekiteko izapideak hasi ditu aldundiak.
Bestalde, errepide zaharra ibilgailuentzat gain, oinezkoentzat eta bizikletentzat egokituko dute. Horretarako,
bide gorri bat egingo dute, eta aldundiaren asmoa
udarako prest izatea da. 750.000 euro inguruko inbertsioa egitea aurreikusi dute. Bide berriak 1.600 metro inguruko luzera izango duela jakitera eman dute, eta Autzaganeko bi aldetan dauden oinezkoentzako tarteei jarraipena emango dio. Horrela, Amorebietan hasi eta Muxikara arte iritsiko den oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbidea osatuko dute.