Basaurin jaioa bada ere, ama mundakarra zuen Amaia Manzisidor Txirapozuk (Basauri, 1945), eta amuma, berriz, busturiarra. Orain, denbora luzez egoten da Busturian. Orain dela bost urte kaleratutako
Bilbao expediente 406 liburuaren jarraipenagaz dator oraingoan,
Urdaibai Sangriento. Erein argitaletxeak argitaratu dio liburua.
Lehenengo eleberria zabalik uztea erabaki zenuen, eta bigarren zatiagaz zatoz. Hori bai, istorioa Urdaibai aldera ekartzea erabaki duzu oraingoan.
Hala da, bai. Bilboz gain, Urdaibai da gehien ezagutzen dudan inguruetako bat, asko maite dut, eta ederra da. Merezi du inguru horretatik ibilbide bat egitea. Ingurua ondo ezagutzea, gainera, garrantzitsua izaten da istorioa errealagoa egin aldera.
Hilketa oraingoan, hortaz, Sollube aldean kokatu duzu.
Bai. Hilketa Solluben kokatzen da, eta ondoren, Bermeo, Mundaka eta inguruak ere agertzen dira. Eleberri beltza da oraingoa ere, eta pertsonaia nagusiak lehenengo eleberriko berak dira. Julieta Ertzaintzako komisarioa eta Pepe Dueñas haren laguntzailea agertzen dira. Ramon Zuñiga ere badago, Julietaren bikotekide ohia, orain Nadiagaz dabilena. Era berean, Nadia beste ertzain bategaz harremantzen dute, eta ertzain hori proxeneta eta mafiosoa da. Denak bateratzen ditut, eleberriari bizitasuna emateko.
Bost urte daude eleberri batetik bestera. Lana eman al dizu?
Orain dela hiru urte eleberria prest zegoela esango nuke. Baina ez dut denboraldi on bat eduki, zenbait arazo eduki ditut. Orduan, alde batera utzita neukan eleberria. Hobeto sentitu naizenean, Erein argitaletxean aurkeztu nuen, eta oso ondo hartu dutela esan beharra daukat. Lehenengoa nik neuk argitaratu nuen, baina oraingoan ez negoen indartsu.
Idazteari gustua hartzen al zaio?
Bai, hala da. Dena utziko nuke idazteagatik. Hala eta guztiz ere, ez nago nire momenturik onenean, eta albo batera utzi behar izan dut. Ahalko banu, idazteaz bizitzea gustatuko litzaidake. Baikorra naiz, eta denbora hobeak etorriko direlakoan nago, eta berriro ekingo diot indartsu idazteari.
Lehenengo liburuak ilusioa ematen du; bigarrenak, ilusio berbera egiten al du?
Ilusioa ematen du, baina nire kasuan, bigarrenagaz arduratsuago sentitzen naiz. Lehenengoa ustekabea izan zen, izan ere, eleberria gustukoa izan zen, eta bigarren edizio bat atera beharra eduki nuen, jendeak eskatuta. Espero ez nuen ustekabe oso atsegina izan zen. Oraingoan, baina, ardura handiagoa daukat. Hortaz, alde batetik oso pozik nago, idazten dudana jendearen gustukoa izan ahal delako, baina inplikazioa handiagoa da, eta lana ere handiagoa da. Oraingoan saiatu izan naiz pertsonaiak sakonagoak izan daitezen.
Bigarren eleberri hau irakurri dutenen kritikak onak ala txarrak izan dira?
Irakurri dutenek gustukoa izan dute, edo hori esan didate, behintzat. Bigarren hau irakurri dutenek lehenengoa irakurrita zeukatenak izan dira orokorrean. Eta lehenengoa asko gustatu zitzaielako irakurri dute bigarrena. Oraingoa eleberri hobea dela esan didate, sakonagoa. Ohartu barik egin badut ere, nire nahia bigarren eleberria sakonagoa izatea zen, eta antza denez, lortu dut.
Urdaibai Sangriento liburuagaz istorioa zarratu duzu edo jarraipena izango du?
Bigarren zati hau ere zabalik utzi dut, baina zabalik utzi dut pertsonaiak errealak direlako. Pertsonaia horien egunerokotasuna kontatzen dut istorioan, hortaz, egunerokotasun hori guztiz zabalik dago. Julieta, Pepe Dueñas eta gainontzeko pertsonaien bizitzetan hiru urte pasa dira, eta hiru urte horiek nabariak direla esango nuke. Beste esperientzia batzuk bizitzen dituzte, eta beraien bizitzetako beste zenbait fase bizi dituzte. Istorioan aurrera doaz pertsonaiak. Egia esan, ez dakit zer egingo dudan, eta jarraipena izango duen, baina eleberria zabalik dago. Bigarren eleberria idaztea nahikoa kostatu zait; orduan, pentsatu beharra daukat jarraituko dudan ala ez. Momentu honetan gauza arinagoak nahiago ditut, nire burua ez dagoelako orain drama askotarako.
“Bigarren hau eleberri hobeagoa dela esan didate irakurri dutenek, sakonagoa”
Dramak ez badira ere, idazten jarraitzen duzu?
Egia esan, gutxi idazten nabil orain. Trauma bat da niretzat, ezin dudalako gura beste idatzi. Bigarren eleberria kalean izanik, bidea hartu eta ondo idazten dudala esango nuke. Horregatik pena ematen dit gehiago idatzi ezin izatea.
Sormen literarioari buruzko ikastaro batean izena eman ostean hasi zinen idazten. Jarraitzen al duzu ikastaroetara joaten?
Utzi egin nuen. Ikastarorako aste bakoitzean gai bat landu beharra geneukan, eta ematen ez badu ere, lana da, eta ez daukat astirik. Ez legoke txarto jarraitzea, beti zerbait ikasten delako. Nire kabuz idazten dut.
Apirilean hitzordua jarrita daukazu Busturian bertan liburua aurkezteko.
Apirilaren 20an aurkeztuko dut han liburua. Altamirako kultur etxean batuko gara, 18:30ean, eta txokolate edo kafe baten inguruan edukiko dugu liburuaz berba egiteko aukera. Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako aurkezpena da, eta Busturiko liburutegiko arduradunak proposatu zidanean ilusioa handia egin zidan. Hala eta guztiz ere, segurtasun handirik barik ikusten dut nire burua. Ezagutzen dudan jendea egongo da, eta ardura handiagoa da niretzat.
Beste nonbait aurkeztuko duzu liburua?
Erein argitaletxekoek esan zidaten Bilboko Liburu Azokan ere liburua aurkezteko aukera edukiko nuela. Gerora, Busturiko aurkezpenaren ostean ikusiko dut beste aurkezpenen bat egin edo ez. Egia esan, Bermeon ere aurkeztea gustatuko litzaidake, asko agertzen baita liburuan, kapituluetako bat, ia osotasunean, Bermeon gertatzen da.
Liburu biak gaztelaniaz idatzi dituzu. Euskarara itzultzeko asmorik badaukazu?
Asko gustatuko litzaidake. Baina ez dago nire esku. Niretzako trauma bat izan da euskaraz idatzi ezin izatea. Euskara ikasi izan dut, ahalegin handia egin nuen euskara ikasteko, gainera, baina gerora ez dut praktikan jarri. Busturian nire euskara akademikoan berba egiten hasten nintzenean, gaztelaniara egiten zuten salto. Oso pozik jarriko nintzateke norbaitek itzuliko balitu. Uste dut, gainera, euskarara itzultzeko liburu onak direla. Lehenengo liburuak elkarrizketa asko ditu, eta bigarrenaren kokagunea ezin egokiagoa da euskarara itzulita egoteko.