Bermeoko Udalak
Tonpoiaren paisaia berreskuratzeko plana abian jarri du, parte-hartze tailer bat prestatuz. Lehenengo tailerra pasa den martxoaren 15ean ospatu zen, eta prozesu honen hurrengo tailerra
gaur 18:30ean egingo da kultur etxean.
Bertan, Tonpoia berreskuratzeko jasotako
proposamenei buruz hitz egin eta landuko dituzte bertaratutakoek. Horrela, herritarrei Paisaia Planari buruz informatzea,
gaur egun dituen beharrak eta etorkizunerako aukerak guztien artean eztabaidatzea eta proposamenak egin eta adostea bilatuko dute.
“Lehenengo diagnostikoa egin dugu eta hortik atera diren
ondorioak herritarrekin batera aztertzen ari gara, Tonpoi eta Talako inguru hori guztion artean ordenatzeko eta erabilerarik onena emateko”, azaldu du Irune Ormaetxea Bermeoko Urigintza eta Ingurumen zinegotziak. Gainera, herritarrak animatu ditu eguazteneko tailerrera bertaratzera, “guztion artean Tonpoia zer nahi dugun erabakitzeko eta erabilerarik egokiena emateko”.
Tailerraz gain, herritarrek
www.tonpoi-bermeo.eus webgunearen bitartez parte hartzeko aukera daukatela azpimarratu du zinegotziak. Webgunean Tonpoiaren paisaia berreskuratzeko ekintza planaren informazioa eskuragarri dago. Informazio hori, halaber, Bermeoko Udalaren
webgunean ere eskuratu daiteke.