San Juaneko Gaztelugatxeren inguruan aurkeztutako
plangintzari buruz eztabaidatzeko batzar bat egingo du Bermeoko Udalak herritarrekin,
apirilaren 18an, eguaztenean. Bilera Nestor Basterretxea Aretoan egingo dute, 19:00etan. Bertan, herritarrek euren
zalantzak, iritziak eta ekarpenak egiteko aukera edukiko dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu zuen plangintza, era koordinatu batean Bizkaiko udalerriak sustatzeko.
Turismoa eta jarduera ekonomikoak ekartzeko, proiektu erkide bateko elementu nagusi bilakatu dute Gaztelugatxe.
Aldundiaren proposamenean
bost arlo azaltzen dira: estrategia turistiko-kultural baten diseinua esperientzia bakarra sortaraztea; Gaztelugatxeren inguruan mugikortasuneko eta irisgarritasuneko konponbideak garatzea; komunikazio-estrategia bat egituratzea; biotopo babestua kontserbatzen lagunduko duten ekimen berriak abian jartzea eta enklabearen kudeaketa antolatzea. Arlo horiekin lotuta dauen 85 jarduketa idatzi dituzte; horien artean,
sarbideen kontrol-sistema bat jarri edota bisitaldi gidatuak programatzea aurkitzen dira.
Aste Santuetan, esaterako, bisitaren
esperientzia hobetzeko hiru gune jarri ziren: lehenengoa Gaztelugatxera Eneperitik iristeko aparkalekuan kokatu zen, bigarrena Ermuko sarbidean eta hirugarrena baselizara igotzeko eskaileren sarbideko esparruan. Hauetan esparru babestuari buruzko informazioa eskaini zen.
Halaber, epe ertain eta luzera burutzeko ekintzak ere aipatu ditu aldundiak:
- Aldean, trafikoaren antolamendua eta baretzea bideratuko dituen biribilgu bat eraikitzea.
- Aparkalekuak hobetu eta handitzea, 370 plazetatik 500 plazatara igaroz ingurua gehiago artifizializatzea ekidituz.
- Atxulotik Eneperiraino eta handik Matxitxakoko itsasargiraino eta, azkenik, Bermeoko herriarekin bat eginda Bakioraino iristen den bidea seinalizatu eta konpontzea.
- Gaztelugatxe bisitatzeko erreferentzia izango den bilgune bat definitzea, baita enklabe honen gobernantzarako eredua ere.
- Interes Kulturaleko Ondasun izendatzea.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak Bizkaiko Foru Aldundiak
aurkeztutako plangintza albiste “ona” izan dela azpimarratu du. Udalak urteak daramatza aldundiari Gaztelugatxeren inguruan plangintza integrala eskatzen; izan ere, uste du gero eta turismo gehiago erakartzen duen gunea dela, eta
hori babestea eta bere ahuleziak zuzentzea ezinbestekoa dela deritzo.
Bego Gangoiti, Idurre Bideguren eta Irune Ormaetxea, Gaztelugatxen.
Ez da Gaztelugatxeren harira plangintza bat lantzeko ahalegina egiten den lehenengo aldia:
2014an, Bermeoko Udalak eskatuta Bizkaiko Foru Aldundiak plangintza integral bat antolatu zuen, baina bertan behera geratu zen. Bidegurenek adierazi duenez, “ordutik aurrera elkarlanean jarraitu dugu, eta asko izan dira udalak mahai gainean jarri dituen proposamenak: oinezkoen bidea Bermeotik Gaztelugatxeraino, Gaztelugatxerako sarbideak oinezkoentzat hobetzea, aparkaleku disuasorioak jartzea Bermeon, garraio publikoa indartzea, bainu publikoak, batzorde bat eratzea inplikaturik gauden erakunde eta agente guztien artean…”.
Bermeok egindako “lan eta ekarpenak aldundiaren plangintzan jasota egotea” espero du alkateak, eta horrela ez izanez gero,
“udalak, herritarrekin batera, turismo enpresekin eta San Juaneko boluntarioekin batera ekarpenak eta zuzenketak landuko dituztela” eman du aditzera, hauek ondoren Bizkaiko Foru Aldundiari aurkezteko asmoagaz.
Plangintza aztertu
Hori lortzeko
“plagintza zehaztasunez” aztertuko dutela adierazi du. Apirilaren 18ko batzarrean herritarrei aurkeztuko diete, eta gero, horri buruz eztabaidatzeko aukera emango dute. Batzarraren
helburua herritarrek zalantzak, iritziak eta ekarpenak egitea izango da, hauek aintzat hartuko direlarik aldundiaren plangintza zuzentzeko. Herritarren ekarpenak kontuan hartu nahi dituztela nabarmendu du Bidegurenek, “Gaztelugatxe bermeotarrentzat oso garrantzitsua” dela adieraziz. Herritarrez gain, Bermeoko enpresa ugari turismoaren garapen jasangarriaren alde daudela gogoratu du, eta, beraz, enpresa horiek ere beraien ekarpenak aurkeztera gonbidatu ditu.
San Juaneko boluntarioen batzordeagaz beste bilera bat egingo dutela azaldu du Bidegurenek, hauekin ere plangintza azterketzeko asmoz. Boluntarioen taldeak 40. urte inguru daramatza baselizaren inguruetaz arduratzen.
“Inguru naturala babestearen garrantzia” azpimarratu du Bermeoko alkateak, “ezinbestekoa baita Gaztelugatxeren identitatea babestea eta balioan jartzea ere. Gaztelugatxe Bermeoren altxorra da, eta bere lotura bermeotarron historia, tradizio, eta izateko erarekin azpimarratu behar da”.
Aforoa kontrolatuz
Zeresan handia sortu duen gaiari buruz ere aritu da Bideguren: alegia,
baselizara joateko sarrera bat ordaintzeari buruz. Alkateak argi utzi nahi izan du: “
Gaztelugatxera joateagatik ez da kobratu behar, ezin da inguru natural batera joateagatik kobratu”. Hala ere,
“aforoa kontrolatu beharra dagoela” adierazi du, “ingurunea zainduz eta bisitariek honetaz gozatu ahal izateko aforoa kontrolatu eta masifikazioa saihestuz”.