Bisitari «kopuru handia» eduki du Bermeok, Aste Santuan
Udalak jarritako informazio puntuetatik 6.416 pertsona igaro dira. Japon, Filipinak eta Indiako turista asko etorri dira. Ostatuek ia %100eko betetze maila izan duteAsko izan dira Aste Santuan Bermeo bisitatu dutenak. Irune Ormaetxea Bermeoko turismo z...
Udalak jarritako informazio puntuetatik 6.416 pertsona igaro dira. Japon, Filipinak eta Indiako turista asko etorri dira. Ostatuek ia %100eko betetze maila izan dute
Asko izan dira Aste Santuan Bermeo bisitatu dutenak. Irune Ormaetxea Bermeoko turismo zinegotziak esan duenez, 1.095 pertsona pasa dira Turismo Bulegotik martxoaren 29tik apirilaren 2ra bitartean. Halaber, Gaztelugatxeko San Juaneko baselizan 4.136 pertsonek jaso dute informazioa.Hortaz, guztira, Bermeoko Udalak jarritako informazio puntuetatik 6.416 pertsona pasa dira. Eta hori «oso datu positiboa» dela adierazi du Ormaetxeak; «kontuan hartuta bisitariak askoz gehiago izan direla, izan ere bisitari guztiak ez dira informazio puntuetatik pasatzen».
Madrildik eta Kataluniatik etorri dira gehienak, baina, hala ere, Japon, Filipinak, Hego Korea edota Indiako turistak ere egon dira Bermeo bisitatzen.
Ostatuei dagokienez, ia %100eko betetze maila izan dute. Jatetxe eta tabernak ere jendez gainezka egon dira. Turismo aktiboaren kasuan, itsas irtenaldiak «arrakastatsuak» izan dira; Gaztelugatxe ikusteko aukerak, esate baterako, harrera ona eduki du.
Alde Zaharreko dendetan, gainera, Barrueta Arte Elkarteko koadroak ikusgai izan dituzte bisitariek.
Gaztelugatxeko San Juanera iristeko Bizkaibusek jarritako autobus zerbitzuaren arrakasta ere azpimarratu du zinegotziak: «Bermeoko Udala oso pozik dago Bizkaibusek zerbitzu hori eskaini duelako».
Ezinbesteko zerbitzua
Ormaetxeak esan du zerbitzua «ezinbestekoa» dela, «Bermeoko Udalaren apustua baita Gaztelugatxe bisitatzeko Bermeon ibilgailua uztea eta garraio publikoa erabiltzea».
Bizkaiko Aldundiak Gaztelugatxek daukan erakargarritasuna aditzera eman nahi izan du, baina, hala ere, neurri gehiago hartu behar direla gogoratu du,
Gaztelugatxerako dauden bi sarbideetatik Eneperikoa izan da erabiliena; hamar pertsonatik zortzi izan dira bide horretatik joan direnak. Datuen arabera, 11:00etatik 13:00etara izan zen pertsona kopuru handiena aritu zen denbora tartea.
Foru Aldundiak baselizan kokatutako informazio zerbitzuaren lana nabarmendu du, «guztiz arrakastatsua» izan da eta. Zerbitzu horri esker zirkulazioa arintzea lortu da jende gehien zegoen uneetan, haien ibilerak antolatuz.
Gainera, ingurumen zaintzaileen zerbitzuak ere lanean aritu dira Aste Santuko oporraldian, ingurumenari egindako kalteak eragozteko sistemak martxan jarriz. Haien helikopteroak, gainera, bi pertsona ebakuatzeko irteerak egin behar izan zituen.
Horregaz, Bermeoren «arrantza herri izaera nabarmendu, gure ingurua eta ondarea zaindu eta, aldi berean, lanpostuak sortuko dituen turismo jasangarriaren aldeko apustua» berretsi nahi izan du zinegotziak.
Era berean, Gaztelugatxeko San Juanek Bermeoko turismoa bultzatzeko eskaintzen dituen aukerak gainerako erakundeekin lantzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute.