Leku publikoetan
Hitza egunkariaren 110 harpidetza banatzeko akordioa adostu du Bermeoko Udalak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzagaz. Horregaz, euskara eta euskal komunikabideak sustatu eta herritarren artean euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea bilatzen dute.
Arrazola, Mendieta, Agirre eta Alvarez, gaurko prentsaurrekoan.
Juan Karlos Agirre Euskara saileko zinegotzia eta Maite Alvarez Euskara teknikaria bildu dira gaur prentsaurreko batean Izaro Mendieta Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzaren zuzendariordea, eta Idurre Arrazola Hitzaren komertzial eta sustatzaileagaz, akordioaren berri emateko.
Agirrek akordioaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, helburuak zeintzuk izango diren aditzera emanez: “Bermeotarren artean euskaraz irakurtzeko ohitura eta irakurzaletasuna zabaltzea da asmoa. Hori lortzeko,
Hitzak herritarrei hurbileko informazioa euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzen die, eta horregatik, harpidetzak egitea garrantzitsua dela uste dugu”.
Alvarezek azaldu duenez, harpidetzak
udal eraikinetan banatuko dituzte: “Liburutegian, Kultura eta Gizarte etxean, Berhaz-en, Gizarte Ongizateko Udal Patronatuaren egoitzan, Zaharren egoitzan eta Musika eskolan”. Udal eraikinetaz gain, irakurtzeko ohitura bat dagoen lekuetan banatuko dituzte egunkariak: taberna eta ostatuetan, estetika zentroetan, bidaia agentzietan edota akademietan, adibidez.
“Herritarrek toki horietan irakurtzeko ohitura izaten dute, eta euskarazko gertuko informazioa irakurtzeko aukera ematea oso positiboa dela uste dugu aipatutako helburuak lortzeko”, adierazi du Euskara teknikariak. Iaz bezala,
Osakidetzaren Bermeoko osasun-etxean aurkitu ahal izango dira egunkariko aleak, baita
Euskotreneko geltokian.
Arrazolak, bestalde, harpidetza horien bilakaerari buruz hitz egin du: “Gure ahalegina harpidedun hauek ordainpeko sistemara izatera pasatzea izaten da, urtebetean doako harpidetza bat izan ondoren udalaren eskutik”.
Azken lau urteetan, esaterako, Hitza izan zuten 23 leku publiko harpidedun ordaintzaile bilakatu dira. Bukatzeko, Arrazolak azpimarratu du “Hitza euskaraz irakurtzea sustatzeko modu egokia” dela.
“
Eskualdeko informazioa euskaraz edukitzeko garrantzia” nabarmendu nahi izan du Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako zuzendariordeak, eta Bermeoko Udalak urtean-urtean eskaintzen duen laguntza azpimarratu du.