Urtebetean gauza ugari egin daitezke: bizipen asko elkarbanatu; asko ikasi eta asko irakatsi. Eman egin daiteke, eta, era berean, jaso. Hainbat pertsona ezagutu daitezke, eta horiekin adiskidetasuna sortu. Konfiantza ere lor daiteke, eta, guztien artean, aniztasuna eraiki.
Urdaibai Bird Centerrera egindako bisita. Argazkia: Bird Center.
Busturialdeko Ongi etorri errefuxiatuak plataformak badaki zer den hori;
urtebeteko ibilbidean, bizi izan dituelako horrelako asko. Azkenaldian, “zerbait berria eta indartsua” sortzean jarri ditu indarrak, “
herri ezberdinetako jendearen arteko konfidantza, aniztasuna eta adiskidetasuna sortuz“.
Domekan, esaterako, Arratzun izan ziren plataformako kideak; hain justu,
Belendizko txokoan. Bazkaritan elkartu ziren bertoko herritar ugari eta Senegal, Boli Kosta, Aljeria, Afganistan, Maroko… herrialdeetako beste hainbat. Herrialde bakoitzeko janari zein kultura partekatu zuten, eta baita hizkuntzak ere.
Migrazio bidaiak. Arratzun ez ezik, Gautegiz Arteagan kokatuta dagoen
Urdaibai Bird Centerren ere izan dira Ongi Etorru Errefuxiatuak taldekoak, hainbat senegaldarrekin batera. Bertan, zentroak berak eta bertoko hegaztiek Afrikako herrialde horrekin duten lotura ezagutzeko aukera eduki zuten.
Bertoko hegaztiek Afrikara egiten duten bidaia izan zuten hizpide, besteak beste. Izan ere, hegaztietako askok udaberria eta uda igarotzen dute bertoko inguruetan, eta migrazio bidaia «luze eta arriskutsua» egiten dute ondoren Afrika aldera, elikagaiak bilatu eta negua igarotzekotan. Helmugara iritsi bitartean, mendikate, itsaso eta desertuak igaro behar izaten dituztela azaldu dute Urdaibai Bird Centerrekoek.
Eta hegaztiek egiten duten antzera egin ohi dute
Afrikako herritarrek ere, kontrako norabidean. Migrazio bideari ekiten diote senegaldar askok, esaterako, “beraien herriak atzean utzi eta migrazio latzaren ostean gure artean babeslekua bilatzeko”.
Bidaia horiez eta herrialde horretako herritarren bizipenez jarduteko tartea ere aprobetxatu zuten Bird Centerreko bisitan.
Eguneko protagonista, berriz,
arrano arrantzalea izan zen;
hain justu, Cousteau izenekoa. 2016ko udan jarri zioten GPS bat arrano horri, eta ordutik, jarraipen zehatza egin izan diote Bird Centerrekoek. Hain zuzen, urte horretako irailean abiatu zen Urdaibaiko paduretatik, eta gaur gaurkoz,
Senegaleko Casamance eskualdean dagoela jakinarazi dute. Afrikan dagoen hegazti hori
Euskal Herrira bueltatzeko prest da.