Martxoaren 8ko greba feministaren balorazioa egiteko batu dira Bermeoko emakumeak. Sektore ezberdinetako emakumeak batu ziren greba eguna antolatzeko, eta horietako asko batu dira berriro balorazioa egiteko. Arrakasta ikusita, gainera,
elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu dute.
Martxoaren 8an, Bermeon egindako mobilizazioa
“Martxoaren 8an gure
aurreikuspen onenak ere gainditu ziren”, azaldu dute. Bermeoko
goizeko mobilizazioan 1.300 lagun inguruk parte hartu zutela gogora ekarri dute, “gehien gehienak emakumeak, eta adin guztietakoak”. Neska gazte askoren parte hartzea nabarmendu dute, “pozgarria” dela iritzita.
Emozio une asko egon zirela diote, eta horietako batzuk aipatu dituzte: esaterako, Goiko Plazatik eta Salicatik ateratako kalejirak batu zirenean, institutuko gazteek eta irakasleek bat egin zutenean, Taraskari gazteek loreak eta besoko morea jarri zizkiotenean edota turrunak eta kanpaiek jo zituztenean.
Aipatu dutenez,
orain arte mugitu ez den jende asko kalera atera zen Martxoaren 8an, bai Bermeon bai eta Euskal Herriko gainontzeko herri eta hirietan ere: “Mundu mailako olatu handi bat izatea lortu dugu, eta hau hasiera baino ez da. Aurrera jarraitu beharra dago, kalean ikusi den indar hori guztia gure alde jartzeko”. Hala, Martxoaren 8ak
feminismoaren izen ona zabaltzeko balio izan duela uste dute, eta bai eta horren alde egindako lana ikusarazteko eta estereotipoak gainditzeko.
Bermeon, gainera,
emakumeen arteko aliantza berriak lortu dituztelako “pozik” agertu dira, eta aurrerantzean
elkarrekin lan egiteko aukerak zabaldu dituzte. Azaldu dutenez, lan asko egin dute, eta hobetzeko batzuk ere identifikatu dituzte, “datorren urtean emakumeen plantoa are handiagoa izan dadin”. Elkarrekin, indar handia daukatela erakutsi dutela esan dute. Aurrerantzean
batera egingo dituzten zenbait lan ere zehaztu dituzte. Modu horretan, Euskal Herrian emakumeen aurkako eraso larriren bat edo hilketaren bat dagoenean, mobilizaziorako deia egingo dute.
Udalak, gainera, Berdintasun Plana egingo duela gogorarazi dute eta parte hartzera gonbidatuta daudela diote. Bestalde,
tertuliak, kanpainak…antolatzeko asmoa agertu dute;
lehenengo tertulia apirilaren amaieran egingo dutela jakitera eman dute. Hain zuzen ere,
Denok izan beharko ginateke feministak liburuari buruzko tertulia izango da. Sorginorratz Bermeoko Talde Feminista arduratuko da hori antolatzeaz.