Udalak Jose Ortuzar alkate ohia omenduko du
Foruko Udalak Jose Ortuzar Atxirika alkate ohia omenduko du bere jaiotzaren 120. urteurrenean.Ortuzar diktadura frankista baino lehenago izan zen Foruko alkate, eta erbestean hil zen. Berak egindako lana eta herriaren alde egindako sakrifizioa omentzek...
Ortuzar diktadura frankista baino lehenago izan zen Foruko alkate, eta erbestean hil zen. Berak egindako lana eta herriaren alde egindako sakrifizioa omentzeko omenaldi xumea antolatu du udalak domekarako.
12:00etan emango diote hasiera omenaldiari Foruko udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Ortuzarren omenezko ekitaldian, alkate ohia oroitzeko plaka bat inauguratuko dutela jakitera eman dute.
Jose Ortuzar Atxirika 1898. urteko martxoaren 20an jaio zen Foruko Urkieta baserrian. Antonio Ortuzar eta Lorenza Atxirikaren semea zen, eta Oñatiko Arantzazuko santutegi frantziskotarrean fraide ikasketak egin zituen. Felizia Zubiagagaz ezkondu zen, eta lau seme-alaba eduki zituzten: Antonio, Aurea, Klara eta Jon.
Eusko Alderdi Jeltzalearen kidea izan zen Bigarren Errepublika garaian. 1933ko apirilaren 23ko udal hauteskundeetan, Foruko herriak alkate izendatu zuen. Foruko alkate modura Gasteizen egon zen Euskal Estatutuari babesa ematen.
«Gogor» jotako herria
36ko gerran, hala eta guztiz ere, erbestera joan beharra eduki zuen, familia Euskal Herrian utzita. Mont de Marsanera (Okzitania) joan zen. Familiari eskutitzez berak azaldu zion modura, hegazti haztegi batean kontabilitate lanak egiten ibili zen. 1040. urteko ekainaren 21ean zendu zen.
Mikel Magunazelaia Foruko zinegotziak gogorarazi du gerrak, errepresioak eta gerraosteak «gogor jo» zutela Foruan. Herriak lan asko egin ondoren, aurrera egin zuela dio.
«Domekako omenaldiaren bitartez, Jose Ortuzarrek eta haren familiak egindako sakrifizioa eskertu gura dugu. Beste hainbeste forutarrekin batera, euren ideiak defendatzeagatik hil edota guztia galdu zutelako. Aurrera jarraitzeko izan zuten adorea eskertu eta euren oroitzapena bizirik mantentzeko modu bat da omenaldi hau», esan du.
Foruko Udala memoria historikoa berreskuratzearen aldeko lana egiten ari dela azaldu du Magunazelaiak, «gazteek eta herriko etorkizuneko belaunaldiek sasoi gogor haietan gertatutakoa ezagutzeko, eta kontzientzia pizteko».