Sendatzera datozen bazterreko melodiak
Josu Bergara Aretxabaleta eatarrak Asunak diskoa grabatu berri du, Urdulizko Tio Pepe estudioan. Zazpi musikari batu, eta zuzenean sortu dute. Ardatz poetiko argiak sumatzen dira letra zein melodietan.
Astelehen arruntak izango da single-a. Egunerokotasunean azkarregi bizitzearen ondorioz, gauza txikiak oharkabean pasatzen direla dio kantak. “Ez diegu erreparatzen gauza txikie, bizitzan garrantzia duten eta diruagaz ordaintzen ez diren gauzei: maitasuna, jendeagaz ondo egotea eta gauza txikiez gozatzea”. Beste alde batetik, Txoria dator esatera abestia adierazpen askatasunari buruzko da. Alfredo Remirez –Twitterren @erreharria– kartzelan sartu zuten txio batzuengatik, eta hari eskaini dio. Bergararen laguna da, eta Mikel Etxaburu olerkari ondarrutarraren letra batean oinarrituta sortu du. On-off kantak, ostera, teknologiak pertsonengan zelan eragin duen hausnartzera daroa entzulea. “Askotan teknologikoki 8.000 gauzetan bizi gara. Gogoeta pertsonal bat egin, eta uneoro konektatuta egon beharrean, lasaitasuna hartzen ahalegintzen naiz”. Euren asmoa bi formatu eskaintzea da: formatu handia, banda osoa, eta formatu txikia: Bergara, Bilbao, Alberdi eta Nuñez laukotea. “Bilbao Musikenekoa da, eta abesteko modu oso berezia dauka, asko gustatzen zait. Inprobisazio lanetan aritzen da abesten; jazz edo soul kutsu hori dauka. Abestiei beste kolore bat ematen die. Neurri handi batean protagonismoa hartzen du abesti batzuetan, abestiak hobetuz eta jantziz”. Jada bost urte daramatza Alberdigaz eta Nuñezegaz zuzenekoetan elkarregaz jotzen. Musikalki oso ondo ezagutzen dute elkar, eta konfiantza handia daukate. Alberdi musika konpositorea da, eta proiektua bandara egokitzeko haren laguntza eduki du. “Abestiaren oinarria, melodia, gitarra eta ahotsa ematen dizkiot, eta berak oinarri hori hartuta beste guztia konposatzen du. Musikari bakoitzari bere zeregina zehazten dio. Horrek asko errazten ditu entseguak, eta estudiora lan asko aurreratuta joaten gara; jada diskoa eginda. Ez goaz estudiora sortzera; dagoeneko sortuta dago aurretik”. Kontzertuetarako gogotsu Proiektuaren hazia erein dute, eta melodia sendagarridun landare bihurtzeko jardunean, bide luzea daukate aurretik. Lanaren parte bat eginda, jarraitzeko gogotsu daude. Ekainean diskoa aurkeztu, eta plazaz plaza ibiltzeko ilusioa daukate. Udaberrian loratuko da diskoa. Udan sartzean Asunak aurkeztu, eta entzuleen bihotzak sendatzen ariko dira euren melodiekin. Produkzio lanak Bigorringo estudioan egingo dituzte, David Sanchezegaz. Teknikaria da bera, eta baita Bilboko Dr. Maha’s Miracle Tonic taldeko abeslaria. Elkarlanean aritu ziren Sanchez eta Bergara aurreko bi diskoetan. “Oso ondo ulertzen, eta interpretatzen du nahasketetan gura dudana, eta ez da erraza hori lortzea. Batzuetan konexio berezi bat daukazu sormenaren inguruan pertsona batzuekin, eta hori mantendu behar da”.“Kantautore abestiak beste plano batera eroan ditugu, esentzia errespetatuz”