Apirilaren 2tik 7ra lehiatuko dute aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Apirilaren 3ko etapa Zarautzen hasi, eta Bermeon amaituko da, eta biharamunean Bermeo eta Gaubean (Araba) amaituko da probaren 3.etapa. Bi etapen xehetasun eta nondik-norakoak azaltzeko agerraldia egin dute eguerdian.
2. etapa “zoragarria” izango dela azpimarratu dute Bermeon egindako aurkezpenean. “Uretatik dator” zehaztu du lasterketa antolatzen duen Euskadiko Txirrindularitza Antolakuntzaren presidente den Julian Erasok. Izan ere, Zarautzen hasi, eta
kostaldeko txoko ederretatik pasatuko dira Bermeora heldu aurretik. Deba, Ondarroa, Lekeitio, Ea, Laga eta Laida hondartzak zeharkatuko dituzte, besteak beste.
Irune Ormaetxea Bermeoko Kirol eta Turismo zinegotziak adierazi du Itzuliak “eszenatoki ezin hobeak” izango dituela herrian: “Ohore bat da, eta poztasun itzela daukagu. Txirrindulariak gure kaleak zeharkatzen ikustea, ikuskizun ederra izango da. Gure herriko txoko eder asko zeharkatuko dituenez, herriko zein eskualdeko altxorrak munduari erakusteko aukera eskainiko digu. Gure irudia zabaltzeko eta eskualdea mundu osoan erakusteko Itzuliak ematen duen aukera paregabea da”.
152,70 km-ko ibilbidea egingo dute txirrindulariek, eta
16:00ak aldera Bermeora heltzea aurreikusi dute. Txibitxagatik sartuko dira herrira, eta Almikarantz joango dira, Mungiara bidean. Bidebietatik itzuliko dira Bermeora, eta bidean Gaztelugatxe paretik pasatuta, Matxitxako bidetik helduko dira herrigunera.
17:20-17:42 bitartean Pergolan amaituko da etapa, eta bertan izango da sari banaketa ekitaldia. Erasok azaldu duenez, Jatan dagoen luiziaren eraginez, ibilbidea aldatu behar izan dute.
Apirilaren 4an, 12:30ak aldera hasiko da 3.etapa (184,80 km). Kaia bidean hasiko da. Lameratik irtenda,
Alde Zaharreko kale estuetatik barrena hasiko dute eguna txirrindulariek. “Polita eta hunkigarria” izango dela zehaztu du Ormaetxeak: “Aroztegi kaletik Goiko Plazara jongo dira, eta San Juan Portaletik irtengo dira eta ikusgarria izango da. Gure harresia oso sinbolo garrantzitsua da guretzat, eta halako proba bat bertatik pasatzen ikustea oso polita izango da”.
Eguerdian Bermeoko Kultur Etxean egin dute agerraldia. Eraso eta Ormaetxeagaz batera, Joseba Mallea Urremendi Landa Garapen elkarteko presidentea eta Eroski eta Campos enpresetako ordezkariak egon dira.
Ormaetxeak Itzulia Bermeora ekartzea herriarentzat eta herritarrentzat
esfortsua izan dela esan du. Bermeotarrei pasientzia izateko eskatu die, antolaketa lanek euren egunerokotasunean eragingo dutelako. Izan ere, hainbat kale moztuta egongo dira, eta horietatik ibilgailuak atera beharko dituzte, kaleak libre uzteko. Aldaketen berri emateko bandoak zabaldu, eta auzoetan informazioa banatuko dutela azaldu du.
Itzulia Bermeora eta eskualdera ekartzea posible egin duten
babesle guztien laguntza eskertu du Kirol eta Turismo zinegotziak. Urremendi, Eroski, Construcciones Intxausti eta Campos enpresek herriari lagundu behar zaiola argi ikusi dutela zehaztu du: “Horrelako momentuetan herriagaz egon behar diela ikusi dute, eta eskerrik asko bihotz-bihotzez”. Herriko enpresek herriko ekintzetan parte hartzeko egiten duten apostua eskertu du.
Erasok Itzulia Basque Countryren aurtengo berrikuntzak azaldu ditu.
22 taldetako zazpina txirrindularik parte hartuko dute; orain arte talde bakoitzetik zortzi kide egoten ziren. “18 talde UCI World Tour-ekoak dira, eta beste laurak Continental Pro-koak”. Azken horien artean daude Euskadi Basque Country-Murias eta Caja Rural-Seguros RGA euskal taldeak.
Berritasun nagusietakoa
erlojupeko proba izango da. Azken urteetan, Itzuliaren azken etapan (Arrate-Arrate) izaten zen, oraingoan 4.etapan izango da. Nafarroan 19,40 km-ko erlojupekoa egingo dute: Lodosa-Sartaguda-Lodosa.