Ekoetxea Urdaibaik Uraren Mundu Mailako Eguna ospatuko du asteburuan
Beste urte batez, Uraren Mundu Mailako Eguna ospatuko du Busturian kokatuta dagoen Ekoetxea Urdaibaik, eta horretarako, hainbat jarduera antolatu ditu astebururako.
Bihar eta etzi, ume zein nagusientzako tailerrak, hitzaldia, irteerak, antzerkia eta beste hainbat egongo dira. Bertaratutakoek ondo pasatzea gura izaten du Ekoetxea Urdaibaik, baina, herritarren kotzientzian eragitea ere bilatzen dute. Ur hondakinak, zergatik ura xahutu? lelopean ospatuko dute aurten Uraren Eguna, eta helburua «ur hondakinak murriztu eta berrabiltzea» izango dute. Eta urak XXI. mendean dituen oztopoak nola gainditu daitezkeen ere aztertuko dute.
Ekoetxea Urdaibaik gogorarazi du ur baliabideek eta berauek eskaintzen dituzten zerbitzuek «garrantzia handia» dutela pobreziaren murrizketan, ekonomiaren hazkuntzan eta ingurugiroaren jasangarritasunean.
Gainontzeko ekintzetan bezala, asteburuko jardueren parte hartu nahi duenak izena eman beharko du aurretiz;?izan ere, lekuak mugatuak izango dira. Hala, interesatuek 94 6870402 telefono zenbakira deitu edo info@torremadariaga.org helbidera mezua bidali beharko dute.
EGITARAUA:
Bihar, martxoak 24
10:30-12:00. Estuarioko ingurune naturala eta bere biodibertsitatea ezagutzeko itsasontzi irteera. Helduek 20 euro; 6 eta 18 urte bitartekoek 15euro eta 6 urtetik beherakoak doan.
10:30-14:00. Zetazeoei buruzko hitzaldia eta zetazeoak eta itsas-fauna behatzeko Matxitxako lurmuturrerako irteera gidatuak. Adin guztiei zuzenduta. Doan.
11:00-13:00. Korapiloak egiten, mareak ezagutzen eta itsasoan iparrorratzak erabiliz orientatzen ikasiko dute jolasen bidez. Adina: 5 urtetik aurrera. Doan.
17:00-18:00. Ipuin kontalaria eta kontzienziazio tailerra, itsasoa eta bere biztanleak zaintzearen garrantziari buruz den ResponSEAble proiektu europarraren barruan. Adina: 5 eta 10 urte bitarteko haurrentzat. Doan.
Domeka, martxoak 25
10:30-13:00. Ibilbide gidatua errota eta bere funtzioak ezagutzeko. Adin guztientzako. 3 euro.
12:00-13:15. Ekoetxea Urdaibai, Biosfera Erreserba. Bisita gidatua. Adin guztiei zuzenduta. Doan.
17:00-18:00. Ura lortzeko jendeak dituen arazoei buruzko hausnarketa egiteko familian ikusteko antzerkia:?Elmaa eta Ura. Adin guztiei zuzenduta. Doan.