Bermeotarrek 11 berba aukeratu dituzte Euskaraldia zer den azaltzeko
Tala aukeratu du Euskaraldia antolatzeko batzordeak herritarrei Euskaraldia zer den azaltzeko; euskarari astindua emateko 'itsosopeteko' aukera dela dioteBermeotarren ia %90ak euskara ulertzen du, baina egiten den euskara baino gehiago egin daitekeela ...
Tala aukeratu du Euskaraldia antolatzeko batzordeak herritarrei Euskaraldia zer den azaltzeko; euskarari astindua emateko ‘itsosopeteko‘ aukera dela diote
Bermeotarren ia %90ak euskara ulertzen du, baina egiten den euskara baino gehiago egin daitekeela uste du Euskaraldia prestatzeko lanetan dabilen batzordeak. Hala, euskararen erabilera suspertzeko Euskaraldia ekimenarekin, datu horri buelta ematea posible izango dela uste dute. Euskaraldia Bermeon «itsosopeteko aukera» izango dela diote. Hain zuzen, itsosopeteko berba da, herritarrei Euskaraldia zer den azaltzeko aukeratu dituzten 11 berben arteko bat.«Bermeok ere Euskaraldian parte hartuko du? Ekilikua!». Euskaraldia Euskal Herri osoan martxan jarriko den ariketa sozial erraldoia izango dela gogora ekarri zuten batzordekideek, eguazten arratsaldean Talan egindako aurkezpenean. Euskaltzaleen Topaguneagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz batera, 30 sustatzaile baino gehiago daude, «eta gu ere euskararen ugeran sartuko gara eta ugerie sortuko dugu».
Diotenez, sasoie da, hizkuntza ohiturak astindu eta euskera gehiago erabiltzeko. Hala, 11 egunetan, 16 urtetik gorako herritarrak ahobizi edo belarriprest bihurtu nahi dituzte: «Euskara kolkotik atara eta dakiguna erabili dezagun». Egun horietan gainera, denek, alda batera, identifikazio txapa bat eroango dute soinean.
Egitasmo «alaia»
Jakitera eman dutenez, Euskaraldia antolatzeko Bermeoko batzordea, Kike Amonarrizen hitzaldia eta gero hasi zen lanean, erremangue hartzeko unea zela iritzita. Ordutik zenbait bilera egin dituzte.
Herritarrei esan gura die egitasmoak «alaia» izan behar duela, hau da, alegrantzidxe ekarri behar duela, ekintzetan «poztasuna» bilatuz.
Hamaikakoa eratu dute, 11 lagunez osatutako taldea, modu pertsonalean eta borondatez ariko direnak, eta leba-leba euskara ulertzen duten 11 lagun, senide, lankide, ikaskide edo ezagun parte hartzeko aktibatzen saiatuko dira.
Bermeok herri modura Euskaraldian parte hartzeko izena eman du jada. Irailean, berriz, herritar modura izena emateko ordua iritsiko da. Ahobizi edo belarriprest, «eta datorrena datorrela, hartutako erabakiagaz konpromisoa hartu beharko du.
«Itsosopeteko aukera da; auntxekutan bai, Bermeo herri euskalduna!», aldarrikatu zuten aurkezpen ekitaldiaren amaieran.
Euskaraldia prestatzeko egiten dituzten bilerak irekiak direla eta, herritarak gonbidatu dituzte parte hartzera: «Bakoitzak ahal duen neurrian lagundu dezake, eta proposamen berriak beti izango dira ongietorriak».