Bihar hasi eta apirilaren 8ra arte, Bermeo eta Bakio artean
orduro autobusak egongo dira; aldundiak 08:00etatik 20:00etara eskainiko du zerbitzua.
Hain zuzen, Bizkaibusek neguan ez du zerbitzu hori eskaintzen. Eta ondorioz,
aurreko bi urteetan, Aste Santuan Bermeotik Gaztelugatxera joateko
autobusa jarri du
udalak, eta orain Bizkaibus zerbitzua jartzea lortu dutela-eta, pozik agertu dira Irune Ormaetxea Merkataritza eta Turismo zinegotzia eta Bego Gangoiti turismo arduraduna. “Urteetan eskatu diogu aldundiari, eta orain pauso hau eman izana eskertzen diogu. Aste Santuko bisitari kopurua ikusita, derrigorrezkoa zela uste genuen, eta batez ere turismo jasangarri baten aldeko apustua egiten dugulako, eta hori garraio publikoagaz lotuta dago”.
Ormaetxea eta Gangoiti eguerdiko agerraldian.
Azken urteetako bisitari kopuruaren gorakada ikusita, eta batik bat iaz egondako jende ilarak ez errepikatzeko hainbat neurri hartu dituzte. “Biotopoa den heinena, denok San Juanegaz gozatzeko neurriak hartzea beharrezko ikusi da. Turisten asetasun maila altuak lortzeko inguru guztia zaindu eta sarrerak kontrolatu beharra ikusi genuen”.
Ondorioz, aurtengo Aste Santuan bi berritasun nagusi daude. Bata aipatu autobus zerbitzua da, eta bestea,
jendearen joan-etorria txartel bidez kontrolatuko dutela. Momentuz txartel horiek San Juanen hiru gunetan eskuratu ahalko dira,
doan.
Etorkizunerako, sistema informatiko bidez kudeatzea aurreikusi dute. “Honen kudeaketa aldundiak daroa, baina udalak herritarrak zein bisitariak informatuko ditu. Hori da gure beharra; herrikoei zein turismo bulegora datozen turistei informazioa eman behar diegu”.
Gaztelugatxera doazenek,
ermita bisitatu gura izaten dutenez, “ordutegi zabalagoa” izango dute aukeran.
11:00etatik 18:00etara zabalik egongo da.
“Turistentzat gure altxorra eta izarra Gaztelugatxeko San Juan da. Aldundia plangintza bat zehazten ari da, eremu hori hobetzeko helburuagaz, eta udala beragaz elkarlanean ari da hori lortzeko”, azaldu du Ormaetxeak.
Prozesioak
Aste Santuko oporraldian Bermeora heltzen diren bisitariek ohiko herriko txoko esanguratsuenak bertatik bertara ikusteaz gain, Santa Vera Cruz elkarteak antolatzen ditu Bermeoko prozesioak zelakoak diren bizitzeko aukera izango du
martxoaren 30ean (11:00etan eta 18:00etan).
Gangoitik zehaztu duenez, Bizkaiko eta Gipuzkoako zaharrenetarikoak dira Bermeokoak; 450 urtetik gorako historia dute.