«2044an nahiko ez nukeen gizartea da liburukoa»
Bilbon kokatzen da 'Bioklik' eleberria; Familia baten istorioa kontatzen du, eta amaren hilketagaz lotuta dago. Unibertsitatean zientzia politikoak ikasten ari den ikasle batek idatzitako txostena da.Asel Luzarraga Zarrabeitiak (Mundaka, 1971) bere azk...
Bilbon kokatzen da ‘Bioklik’ eleberria; Familia baten istorioa kontatzen du, eta amaren hilketagaz lotuta dago. Unibertsitatean zientzia politikoak ikasten ari den ikasle batek idatzitako txostena da.
Asel Luzarraga Zarrabeitiak (Mundaka, 1971) bere azken eleberria aurkeztu du asteon. Elkar argitaletxeak argitaratu dio Bioklik eleberria.Zer kontatzen du Bioklik-ek?
Idazleentzat beti gaitzena izaten da liburua laburtzea, liburu batean gauza asko kontatzen baitira. Bioklik, gainera, liburu luzea da. Familia baten istorioa kontatzen du; 2044 urtean kokatzen da, Bilbon. Familia horren istorioa amaren hilketagaz lotuta dago. Ama hilda agertu, eta aitari leporatzen diote hilketa, automatikoki, eta seme-alabak bakarrik geratzen dira etxean. Istorioa txostengile batek kontatzen du. Narratzailea, hortaz, garai horretako unibertsitatean zientzia politikoak ikasten dabilen pertsona bat da. Unibertsitateak, hala eta guztiz ere, ez dira fisikoak, irakasle guztiak birtualak dira, edo ez dute, behintzat, aurrez aurre elkar ezagutzen. Ikasketetako une garrantzitsuenetariko batean dago, eta ikasturtea gainditzeko proba gogor bat egin beharko du; hau da, familia horri gertatutakoaren txostena egin beharko du. Horren bitartez, 2044. urteko biogizartea zelakoa den kontatzen da. Liburu honetan, gainera, jolas eta azpimezu asko daude, politikoki oso egokiak ez direnak ere bai, buruari astindua ematea gustatzen zaidalako. Jolas pertsonal bat ere egin nuen honetan; orain artean argitaratu ditudan liburu guztietako pertsonaien bat agertzen da bertan.
Zuk zeuk irudikatutako gizartea al da?
Bai, hala ere, ez izatea gurako nukeen gizartea da liburukoa. Liburua distopien tradizioan sartzen da, eta zuzenean aipatzen dira Orwell, Huxley eta horrelakoak. Distopiak, normalean, gure egungo gizartearen proiekzioak izaten dira, zenbait ezaugarri handituta edo areagotuta, nahiko ez genukeen gizartea erakusteko, hau da, ahal bada, hara ez joateko.
Orain dela hamarkada bat etorri zitzaizun liburua idazteko ideia burura. Zer dela eta utzi duzu ideia hori hainbeste denbora alderatuta?
2007-2008 urte inguruan egin nuen lehenengo zirriborroa. Utopiaren itzalak idazten nengoen orduan, eta zain gelditu zen. 2009an, Txilen nengoenean, editoreari Utopiaren itzalak bidali eta bete-betean sartu nintzen honekin. Orduan, baina, Txilen atxilotu ninduten, eta prozesua etenda geratu zen. Ordenagailua eta disko gogorrakgalduta eduki nituen luzaroan, eta zenbait urtez hor geratu zen. Tartean, Gezurra Odoletan idatzi nuen. 2012an berreskuratu nituen ordenagailua eta disko gogorrak, Buenos Airesen nengoela. Nire orduko neskalaguna Txilera joan zen, eta, zorionez, lortu zituen, zaila izaten baita bueltan lortzea. Hasieran gogorra izan zen berriz guztia irakurtzea, konektatzea, gogoratzea zein zen nire orduko asmoa eta kontatu gura nuena. Urteekin, gainera, bizitza eta pentsaerak aldatu egiten dira. Beraz, badakit egungo Bioklik ez dela momentu hartan, prozesu naturala jarraituz gero, aterako zen Bioklik bera. Hezurdura berbera bada ere, agian, gerora beste gai batzuek hartu dute lehenago ez zeukaten garrantzia.
Nondik dator eleberriaren izenburua?
Liburu honetan denak daroa bio. Biogizartea, biodemokrazioa, biokreditua, biobotoa… Bioklik-ekin modu sinbolikoan esan gura nuen, gure erabakiak eta gauzak bioteknologiaren bitartez egiten ditugula gizarte horretan. Bioteknologia biometriari lotuta dago. Gutxi-gutxika, gero eta gehiago, sistemak gure datu biometrikoak ditu, eta gehiagora joango da. Gizarte horretan gure parametro biometriko guztiak sisteman sartuta egongo dira. Orduan, edozein biogailuren aurrean jarrita, jakingo du nor garen, eta norberaren bioprofila kargatuko du. Gizarte guztia, hortaz, biotelebista bitartez kontrolatzen da, eta gaika, biokate ugari daude. Biotelebista horren bitartez bozkatzen da, gainera. Hor gauzatzen da gure biodemokrazia. Herritarrek, hortaz, aukera daukate edozer gauza erabakitzeko, biobotoen bidez. Biobotoak, baina, ez dira doakoak. Biokredituak gastatu behar dira. Maila ekonomikoaren arabera orduan, gura beste bioboto emateko gaitasuna daukate. Liburuaren bitartez azaldu gura izan dut, komunikabideen bitartez sortzen den gizarte iritzia, eta zelan manipulatzen gaituzten gure iritziak bideratzeko. Hala, beste batzuek gure ordez aldez aurretik erabaki dutenaren gainean, erabakitzeko ustezko askatasuna daukagula erakutsi gura izan dut. Horren azpian dagoena erakustea zen ideia.
Sortutako pertsonaiekin identifikatuta sentitzen al zara?
Neurri batean, apur bat guztiekin. Batzuetan horiekin distantzia mantentzen saiatzen banaiz ere, guztiek daukate nerea den zerbait. Gustuko ez dituzun pertsonaiak edo gaiztoak direnak ere, zure baitatik ateratakoak dira.
Esperientziak lagundu egiten al du liburuak idazterakoan?
Liburua gauza bizia da; lehenengo ideiatik amaitu arte aldatzen doa, zu ere aldatzen zoazen heinean. Liburuan komunikabideak aipatu ditut, baina kartzela ere sartu dut. Kasu honetan, hiri kartzelak dira, auzoak dauzkate, eta mailaren arabera, auzo batean zein bestean kokatzen zaituzte. Ni neu kartzelan egondakoa naiz, eta, agian, eduki horietarako balio izan du. Askotan, kontrakoa egin behar dela uste dut, zure esperientziatik aldendu, fikzioa nabarmentzeko. Modu batean zein bestean, hala ere, esperientziak beti baldintzatzen zaitu.
Datorren astean Mundakan aurkeztuko duzu liburua.
Bai, eguaztenean, OrtuART espazioan, 19:00etan. Liburua berrikusten konturatu naiz, gainera, esaldi batean ortutik zure ahora erabiltzen dudala. Bitxia iruditu zait. Gaur, berriz, Bilboko Bira kulturgunean solasaldian ariko naiz, 19:00etan ere. Dabid Martinez bermeotarrak ere parte hartuko du.
Zer eduki behar du eleberri batek irakurlea harrapatzeko?
Irakurle mota asko daude, nire baitan ere irakurle mota asko daude. Batzuek literaturaz gozatzea bilatzen dute, beste batzuek, berriz, liburuek gatazkaren bat proposatzea gura dute, eta gatazka horren bidez jakinmina piztea. Ni orduan ahalegintzen naiz amua jartzen, tiraka joateko eta jakinmina pizten joateko. Amu horretan, hala ere, benetan kontatu gura dudan guztia sartzen saiatzen naiz.
Ideia batek beste bat sortzen al du?
Bai. Hau idazten nenbilenean, Txilen bahituta izan aurretik, beste liburu batzuetarako zirriborroak prest utzi nituen. Orain, aldi berean nabil bi liburu idazten. Eleberriak dira biak. Azken hau baino laburragoak dira, eta beste bat ere badaukat amaituta. Eten barik, baina presa barik idazten dut.