Bermeotarren ia %90ak euskara ulertzen du, baina
egiten den euskara baino gehiago egin daitekeela uste du Euskaraldia prestatzeko lanetan dabilen batzordeak. Hala, euskararen erabilera suspertzeko Euskaraldia ekimenarekin, datu horri buelta ematea posible izango dela uste dute. Euskaraldia Bermeon «
itsosopeteko aukera» izango dela diote. Hain zuzen,
itsosopeteko berba da, herritarrei Euskaraldia zer den azaltzeko aukeratu dituzten 11 berben arteko bat.
Hamaikakoa aukeratutako 11 berbekin
«Bermeok ere Euskaraldian parte hartuko du?
Ekilikua!». Euskaraldia Euskal Herri osoan martxan jarriko den ariketa sozial erraldoia izango dela gogora ekarri zuten batzordekideek, atzo arratsaldean Talan egindako aurkezpenean. Euskaltzaleen Topaguneagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz batera, 30 sustatzaile baino gehiago daude, «eta gu ere euskararen
ugeran sartuko gara eta
ugerie sortuko dugu».
Diotenez,
sasoie da, hizkuntza ohiturak astindu eta euskera gehiago erabiltzeko. Hala
, 11 egunetan, 16 urtetik gorako herritarrak ahobizi edo belarriprest bihurtu nahi dituzte: «Euskara kolkotik atara eta dakiguna erabili dezagun». Egun horietan gainera, denek,
alda batera,
identifikazio txapa bat eroango dute soinean.
Egitasmo «alaia». Jakitera eman dutenez, Euskaraldia antolatzeko Bermeoko batzordea, Kike Amonarrizen hitzaldia eta gero hasi zen lanean,
erremangue hartzeko unea zela iritzita. Ordutik zenbait bilera egin dituzte.
Herritarrei esan gura die, egitasmoak «alaia» izan behar duela, hau da,
alegrantzidxe ekarri behar duela, ekintzetan «poztasuna» bilatuz.
Hamaikakoa eratu dute, 11 lagunez osatutako taldea,
modu pertsonalean eta borondatez ariko direnak, eta
leba-leba euskara ulertzen duten 11 lagun, senide, lankide, ikaskide edo ezagun parte hartzeko aktibatzen saiatuko dira.
Bermeok herri modura Euskaraldian parte hartzeko izena eman du jada. Irailean, berriz, herritar modura izena emateko ordua iritsiko da; ahobizi edo belarriprest, «eta
datorrena datorrela hartutako erabakiarekin konpromisoa hartu beharko du.
«
Itsosopeteko aukera da;
auntxekutan bai, Bermeo herri euskalduna!», aldarrikatu zuten aurkezpen ekitaldiaren amaieran.
Euskaraldia prestatzeko egiten dituzten
bilerak irekiak direla eta,
herritarak gonbidatu dituzte parte hartzera: «Bakoitzak ahal duen neurrian lagundu dezake, eta p
roposamen berriak beti izango dira ongi etorriak».
Atzoko argazki galeria
hemen ikusgai.