Garmendia: «Bakearen alde ari gara lanean, eta horrela jarraituko dugu»
Oihana Garmendia, Miren Zabaleta, Antton Lopez eta Olatz Dañobeitia atxilotu dituzte ordu batzuez, «terrorismoa goratzea» leporatuta. Mobilizazioetan bildu dira herritarrakGuardia Zibilak lau lagun atxilotu zituen atzo, «terrorismoa goratzea» lepo...
Oihana Garmendia, Miren Zabaleta, Antton Lopez eta Olatz Dañobeitia atxilotu dituzte ordu batzuez, «terrorismoa goratzea» leporatuta. Mobilizazioetan bildu dira herritarrak
Guardia Zibilak lau lagun atxilotu zituen atzo, «terrorismoa goratzea» leporatuta: Oihana Garmendia Gernika-Lumoko bizilaguna, Olatz Dañobeitia lekeitiarra, Antton Lopez Kubati eta Miren Zabaleta. Goizean atxilotu, eta Intxaurrondoko kuartelera (Donostia, Gipuzkoa) eraman zituzten; deklaratu ostean, aske utzi zituzten. Hala ere, mobilizazioak egin zituzten iluntzean Gernika-Lumon eta Lekeition, lau lagun horien atxiloketak salatzeko.Goizean atxilotu zituzten lau lagunak, eta arratsaldean aske utzi. Oihana Garmendia izan zen lehena Intxaurrondotik ateratzen. Gernika-Lumoko bizilagunaren arabera, «errelatu bakarra inposatzeko ahaleginean» egin zituzten atzoko atxiloketak. Dena den, argi utzi nahi izan zuen, bakearen alde ari direla lanean, eta horrela jarraituko dutela jakinarazi zuen.
Bestalde, Euskal Herrian egunero bizi dela sufrimendua salatu zuen, eta gogorra ekarri zuen duela aste bi agurtu zutela Xabier Rey Puerto III espetxean zendutako presoa. «Bada garaia sufrimendua amaitzeko».
Miren Zabaleta ere argi azaldu zen aske utzi ostean: «Edonor duintasunez eta bakean agurtzea ez da delitua; maitasuna delitu ez den bitartean, behintzat». Era berean, Zabaletak argi utzi zuen «esku burdin hotzenek ere» ez dietela «irribarre beroa eta etorkizunaren alde egiteko grina» kenduko.
Kalera Kalerako bozeramaile Garmendia Gernika-Lumon atxilotu zuten 07:00etan. Medikuarengana abiatzekotan zen; izan ere, zazpi hilabeteko haurdun dago. Dañobeitia Bilboko San Frantzisko auzoan atxilotu zuten atzo; Miren Zabaleta Sortuko Nafarroako arduradun politikoa Iruñean, eta Antton Lopez, Zarautzen.
Garmendia euskal preso ohia da. 2009ko ekainean atxilotu zuten Paris ondoan, eta sei urte egin zituen espetxean. Frantziako Fleury, Dijon eta Bapaumeko kartzeletan egon zen, eta osorik bete zuen zigorra.
Polizia operazioak Belen Gonzalez Peñalba ETAko kide ohiaren omenezko ekitaldiagaz lotura dauka. Iazko azaroaren 26an egin zuten Gonzalezen omenezko ekitaldia, Lazkaon (Gipuzkoa), eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak haren gaineko informazioa galdegin zuen. Ezker abertzaleko hainbat ordezkari esanguratsuk parte hartu zuten orduko hartan.
AVT biktimen elkarteak Gonzalez Peñalbari eskainitako ekitaldia debekatzeko eskatu zion Auzitegi Nazionalari, baina azken horrek ez zuen halakorik egin. Dena den, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari agindu zien ekitaldia zelatatzeko, terrorismo goratzerik edota biktimen umiliaziorik gertatzen zen ala ez egiaztatzeko.
Ekitaldiaren ondoren, baina, salaketa aurkeztu zuen Covite biktimen elkarteak, nahiz eta fiskaltzak aintzat hartu ez. Covitek orain jakinarazi du, Zunbeltz Larrea euskal presoari Durangon eta Ondarroan (Bizkaia) egin zizkioten ongietorri ekitaldiak ere salatuko dituela.
Jakitera eman dutenez, gaur jakingo du abokatuak atxilotuak zein egoera zehatzetan dauden. Garmendiak atzo azaldu zuenaren arabera, atxilotutakoek eurek ere ez dakite ezer; «Auzitegi Nazionalera txostena bidaliko dutela esan digute, baina ez dakigu beste ezer».
Sare Herritarrak, bere aldetik, atzoko atxiloketak salatu ditu, «eta baita Gobernu espainiarraren partetik errepresioa mantentzearen aldeko jarrera ere». Sareren arabera, «Espainiako gobernuak urteetako sufrimendu eta minagaz amaitzeko urratsak eman beharrean, berau luzatu eta betikotzearen alde egin du, Euskal Herrian oraindik orain eta ETAk zein EPPK-k emandako urratsei muzin eginez, milaka eta milaka herritarrek behin eta berriro eskatutako konponbiderako ateak itxi eta beldurraren eta errepresioaren mamua bizirik mantenduz».
Era berean, uste du aipatu atxiloketak euskal presoen eskubideen alde lanean ari diren herritarren aurka emandako atxiloketak direla. Hala, Sarek argi dauka: «Bere burua demokratikotzat jotzen duen estatu batek ezin du halakorik ahalbidetu».
Gauzak horrela, dei egin dio jendarte osoari eta euskal instituzio, alderdi, sindikatu eta eragileei «giza eskubideen alde, konponbidearen alde eta bakearen alde urrats bat aurrera eman eta halako egoerekin guztiz amaitzeko prest daudela adierazteko.