Azken negoziaketen eta Bermeoko Udalean egindako azken osoko bilkurararen ostean,
Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ), Guzanek eta Izartu Bermeok pertzepzio bera partekatzen dute. Hala,
ohar bateratu batean azaldu dutenez, “EH Bilduren gobernu taldeak ez du gaitasunik erakutsi Bermeoren garapenerako akordioak adosteko”.
Joan den asteko osoko bilkura, Bermeon
Gobernu taldeak erakutsi duen
“malgutasun eta negoziaketarako gaitasun faltaren” ondorioz, Bermeok ez duela 2018rako aurrekonturik edukiko diote, eta, hortaz,
aurrekontu luzatuagaz lan egin beharko dela gogora ekarri dute.
Talde guztiek zuzenketak aurkeztu zituztela gogorarazi gura izan dute. Hala ere, herriarentzat
“garrantzitsuak” izan daitezkeen proiektuak “bazter batean utzi dituztelako” kexu dira. Oposizioaren arabera, aurrekontu proiektuan jaso zituzten zuzenketak, “ahalegin ekonomiko txikiena eskatzen dituztenak edota gobernu taldearen proiektuak gutxien konprometituko dituztenak izan ziren”. Diotenez, EH Bilduk “gehiengo absolutua balu modura” gobernatu gura du.
EAJren bozeramale Aritz Abaroak gogorarazi du jeltzaleek hamabostetik gora zuzenketa aurkeztu zituztela. Horietatik “garrantzitsuenak”, baina, gobernu taldeak ez dituela bere aurrekontu proiektuan jaso aipatu du. Horien artean daude, esaterako, Araneko kiroldegian segurtasunerako eskailera egitea (legez derrigortuta egon arren, eta 2011tik aurrera geldiarazita dagoena); Itsasbegin aparkalekua egiteko lehen faseari ekitea; kirol instalazioetan hobekuntzak egitea…. Ontzat emandako zenbait zuzenketa, berriz, “partzialki baino ez zituztela onartu” dio Abaroak: “Askatasun bidea, Artike bidea, Tellaetxe tar Josu eta Erreñe Zubik bat egiten duten bidegurutzea egokitzeko eta saihesbideagaz lotzeko lanak egitea edota txakurrentzako guneak egitea, besteak beste”. Hala eta guztiz ere, Bermeorentzat onak izango diren akordio zabalak lantzen jarraituko dutela esan du.
Guzaneko zinegotzi Xabier Ortuzarren arabera, udal gobernuak aurkeztutako azken borradorean, Guzanek egindako emendakin guztien artetik 33.000 euro baino ez ziren onartu; “19,6 milioi euroko aurrekontu osoaren %0,1. Horrez gain, “erantzunik gabe” geratu diren puntu asko daudela gaineratu du: “Renting kontratuak gutxitzeko eskaria, energiaren kudeaketa modeloan aldaketak, eroste ahalmena mantentzeko langileen soldata eguneratzea, gazteria politikak bultzatzea edo herriko euskarazko komunikabideei (Itsuki eta HITZA) babesa ematea, besteak beste”. Aurrekonturik izan ez arren, Guzanek ere lanean jarraituko duela dio; “herriarentzako garrantzitsuak diren proiektuak proposatzen, babesten eta bultzatzen”.
Azkenik, Izartu Bermeoren bozeramale Sergio Ugaldek esan du “aurkeztu dituzten 28 emendakinetatik bat ere ez dutela onartu”. Hala, ezezko botoa “ezinbestekoa” izan da Izarturentzat. Ugalderen hitzetan “onartezina” da Bermeo aurrekontu parte hartzaile barik uztea, “eta alkateak oposizioko alderdiek aurkeztutako emendakinak osoko bilkuran bozkatzea ere ukatu egin digu”. Negozioaziaketa batek “zintsotasuna eskatzen duela” uste du Ugaldek: “Zelan izan liteke EH Bilduren azken aurrekontu proposamenean negoziaketen hasieran aurkeztutako proposamenean baino 800.000 euro gehiago agertzea, eta oposizioak kopuru horri proposamenak egiteko aukerarik ez izatea?”, galdetzen du.
Horregatik guztiagatik, oposizioko taldeek ondorioztatu dute EH Bilduk aurkeztutako aurrekontu proiektuak “ez duela bermeotarren beharrizanak erantzuten”.
EAJ, Guzan eta Izartu Bermeo udal taldeak elkarregaz lan egiteko prest agertu dira, “gobernu taldeak baztertu dituen proiektuak elkarren artean landu, lehentasunak adostu eta udalerriaren beharrizanei erantzungo dien ekimenak aurkezteko”.