Askotariko dantzak eginez ospatu dute Kabelinatxe Eguna
Urtero legez, Kabelinatxe Eguna ospatzeko elkartu ziren domekan. Eguna «ondo» joan zela azaldu dute taldekideek; hala ere, herritarren parte hartzea handiagoa izatea gustatuko litzaieke.Ereñoko eta Nabarnizko umeek osatzen duten taldea da Kabelinatx...
Ereñoko eta Nabarnizko umeek osatzen duten taldea da Kabelinatxe, eta taldea osatzen duten urte guztietan ospatzen dute beraien eguna: urte batean herri batean eta hurrengo urtean bestean. Aurten, esate baterako, Nabarnizen eduki dute hitzordua dantzariek.
Ereño eta Nabarnizko dantzarien eguna ospatu arren, ez ziren domekan horiek bakarrik egon, Ajangizko Artxube eta Ibarruriko Basotxoritxu taldekoak ere aritu baitziren dantzan.
Domekan 12:30erako zeukaten ordua jarrita, eta ordu eta erdi inguruko saioa eskaini zuten. Askotariko dantzak eskaini zituzten, Bizkaikoak, Gipuzkoakoak edota Nafarroakoak. Horiek bukatuta, hamaiketakoa eduki zuten aukeran bai dantzariek eta baita ere haiek ikustera bertaratu zirenek.
Urtero ospatzen duten egun hori datorren urtean ere egiteko asmoa erakutsi dute Kabelinatxeko kideek; horretarako, baina, taldea osatu beharko litzateke. Azaroan hasten dute ikasturtea, eta urrian bukatu; beraz, azaroan jakingo dute zenbat jende bilduko den datorren ikasturtera begira.
Ereñokoei deia
Kabelinatxe Ereño eta Nabarnizko umeak biltzen dituen taldea bada ere, aurten, adibidez, Ereñoko dantzaririk ez dagoela nabarmendu dute. Hori dela eta, bertakoak taldean parte hartzera gonbidatu eta animatu nahi izan dituzte.