Inoiz baino parte hartzaile gehiago izango ditu Bizkaiko Bertsolari Txapelketak. Aurten, 78 bertsolarik parte hartuko dute lehen fasean, eta horietako
23rentzat lehen aldia izango da. Antolatzaileak “pozik” agertu dira parte hartzearekin, eta nabarmendu dute bertsolari gazteek izena emateak erakusten duela “egindako transmisio lana”.
Formatuari dagokionez,
2016an abiatutako ereduari eutsiko diote: txapelketa udaberriko sailkatze fasearekin hasiko da, eta udazkenean jarraituko du, kanporaketekin. Sailkatze fasean
hamahiru saio egongo dira, eta 11 herritan jokatuko dira. Apirilaren 14an izango da lehena, Bilbon, eta maiatzaren 26an azkena, Abadiñon. Goizeko saioak 12:00etan izango dira, eta arratsaldekoak, 17:30ean. Nobedade bezala, aurten, Ondarroan eta Getxon saio bikoitzak egongo dira; goiz eta arratsaldez.
Udaberriko fasea bukatuta, uda ostean helduko diote berriz txapelketari. Udagoieneko fasea urrian abiatuko da. Bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala edukiko ditu.
Kanporaketetan 30 bertsolarik parte hartuko dute. Sailkatutako bertsolariei 2014ko finalistak gehituko zaizkie. Finalaurrekoetan, berriz, hemezortzi bertsolarik kantatuko dute, eta 2016ko finalistak gehituko zaizkie.
Finala Bilbon izango da, eta zortzi bertsolarik parte hartuko dute. Oraindik ez dituzte zehaztu kanporaketa faseko egunak eta lekuak.
Atzo egin zuten aurkezpena.
Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.
Busturialdeko bertsolari hauek lehiatuko dute txapelketaren lehen fasea: Aitor Etxebarriazarraga Gabiola (Gernika-Lumo), Ander Elortegi Garatea (Natxitua), Asier Galarza Garai (Muxika), Enare Muniategi Etxabe (Gautegiz-Arteaga), Eneko Aldana Carrasco (Forua), Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo) Gurutz Uruburu Ibarguengoitia (Muxika), Ibai Amillategi Omaetxebarria (Gernika-Lumo), Jon Arano Uriarte (Natxitua), Iker Uriarte Urrutia (Bermeo), Julen Erezuma Arzanegi (Gernika-Lumo), Julen Ibarguengoitia Ordorika (Gernika-Lumo), Koldo Gezuraga Seijido (Gernika-Lumo), Mikel Retolaza Etxebarria (Busturia) eta Unai Agirre Erezuma (Sukarrieta).
Udaberri faseko saioetako bertsolarien zerrendak ikusi hemen
Aurtengo txapelketako irudia kolore askotako baso bat izango da. Antolatzaileek azaldu dute irudiarekin adierazi nahi dutela txapelketan, basoetan bezala, “ikusten dena baino askoz gehiago” dagoela. “Txapelketan bertsolarien lana ikusten da, baina horren atzean ekosistema oso bat dago: elkartea, bertso eskolak, plazak eta abar”, adierazi du Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak.
Sarrerak. Udaberriko faseko sarrerak ez dira aurretiaz salduko. Saio bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago erosi ahalko dira, txarteldegian.
Sarreren prezioa 3 eurokoa izango da, 2 eurokoa bazkideentzat, eta 16 urtetik beherakoak doan sartu ahalko dira.
Txapelketari buruzko informazioa eskura daiteke
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren webgunean eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sare sozialetan.