Skooterada egingo dute bihar Gernika-Lumon, laugarrenez
Laugarren urtez jarraian ospatuko dute bihar Skooterada motozaleek, Gernika-Lumon. Iaz, 27 bat lagun bildu ziren, eta aurten, gehiago espero dituzte.Zesta-puntagaz lotu dute aurtengo moto ibilaldia antolatzaileek, eta horregatik, Gernika-Lumo eta Marki...
Zesta-puntagaz lotu dute aurtengo moto ibilaldia antolatzaileek, eta horregatik, Gernika-Lumo eta Markina-Xemein lotzen dituen bidea egingo dute; bi herriak zesta-puntaren topaleku direlako.
10:00etan batuko dira Araneko gasolindegian; handik Markina-Xemeinera joango dira, eta buelta emango dute. «Ohiko bideetatik aldenduta, errepide nagusiak saihestuko ditugu», adierazi du Xabier Olano antolatzaileak. Urdaibaiko ingurua «oso erakargarria» delako ibilbide nagusiak saihestuko dituztela aitortu du. Bizkaiko begiratokitik igaroko dira Markina-Xemeingo bidean, eta, bueltan, Omako baila ikusiko dute motozaleek.
Neguko motozaleen azken bilketa da Gernika-Lumon bihar burutuko dutena, eta motozaleen elkarte desberdinak batuko dira bertan. Olanok adierazi moduan, Bilbotik hiru talde batuko dira deialdira; SRB, Made in Bilbao eta AVN taldeak. Bizkaikoak ez ezik, Gipuzkoarra den Eibarko Lanbreta taldea ere batuko da biharko ekitaldira. Hala eta guztiz ere, norbanakoek ere parte hartu dezakete.
Eguneko egitaraua
Eguerdira arteko egitaraua du biharko Skooteradak. Aurreko urteetan egin legez, aurten ere zapatuan ospatuko dute. Hala ere, Olanok hurrengo urtean domekan antolatzea posiblea dela adierazi du.
Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian bukatuko dute biharko ibilbidea. Bertan, talde argazkia ateratzeaz gain, frontoian burutzeko ekintzak antolatu dituzte. Zehaztu dutenez, bisita gidatua egingo dute pilotalekuan, eta motoetarako produktuak zozkatuko dituzte. Gainera, Jai Alai koktel edariaren azalpena eta dastaketa egingo dute.
Ostean, egunari amaiera emateko, Musutruk Kafe Antzokian, St.Patrick´s day jaia ospatuko dute. Bertan, Clover Wind folk irlandarra egiten duen taldea ariko da zuzenean.