Aurrekontu luzatuagaz lan egingo du udalak, akordiorik lortu ez duelako
Aurten, diru sarrerak %9,6 handitzea aurreikusten dute, beraz, iaz baino 1,6 milioi inguru gehiago egongo dira. Lehentasuna «herritarrak eta euren beharrizanak» izango dira«Ahalegin handiak» egin dituzten arren, 2018ko aurrekontua onartzeko orduan,...
Aurten, diru sarrerak %9,6 handitzea aurreikusten dute, beraz, iaz baino 1,6 milioi inguru gehiago egongo dira. Lehentasuna «herritarrak eta euren beharrizanak» izango dira
«Ahalegin handiak» egin dituzten arren, 2018ko aurrekontua onartzeko orduan, aurten ez dute akordiorik lortu. Hortaz, Bermeoko Udalak aurrekontu luzatuagaz egin beharko dio aurre urteari.Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek azaldu du aurten diru sarrerak %9,6 handiagoak izatea aurreikusten dutela, beraz, 19.626.687 euroko aurrekontua egongo litzateke 2018rako, iaz baino 1,6 milioi gehiago.
«Lehentasuna herritarrak izango dira, eta euren beharrizanei erantzuna ematea», esan du. Iazko aurrekontu parte hartzaileetan «argi» gelditu ziren herritarren beharrizanak, eta alkatearen arabera, horiek burutzea izango da udalaren iparra.
2018ko erronkak
Aurrekontu luzatuekin merkataritza, enplegua eta turismoa bultzatuko dituen Bermeoko Udalak. Bermeo World Tuna Capital egitasmoa lehentasuna izango dela esan du alkateak, eta era berean, «lehen sektoreko erosketa gune erreferentea izateko», Bermeoko azokaren egoera hobetzen jarraituko dute, bai eta ere merkatari eta ostalarien lehiakortasuna hobetzeko programekin.
Turismoa sustatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiagaz lanean jarraituko dute Gaztelugatxeko San Juan hobetzen jarraitzeko, eta itsas ondarea balioan jartzeko bultzada emango diote Ortuberen lagunak taldeari.
Berdintasun politikak bultzatzeko apustu sendoagaz ere jarraituko dute; berdintasun plana egitea, eta hezkuntza zentroekin lan egitea izango dira lehen- tasunak. Beste alde batetik, Bidegurenek jakitera eman duenez, partaidetza prozesuaren emaitza izan zen umeentzako aterpe gunea udarako amaitzea espero dute.
Alde Zaharra biziberritzeko estrategiagaz jarraitzea ere aurreikusten du aurrekontuak, eta horren barne, honakoak nabarmendu ditu alkateak: udaletxea berritzeko hirugarren fasea, Bekoportale proiektua, Tonpoiaren edertze ekintza plana, Alde Zaharreko plan berezia eta gazteek Alde Zaharrean alokatzeko diru laguntzak ematea.
Iriste erraztasuna hobetzeko lanak egiten ere jarraituko dute, eta 2018an, Zarragoitxin «ahalegin berezia» egingo dute. Herri adeitsua proiektuagaz jarraituko dute, eta integrazio plana ere landuko dute. Auzoetan ere hobekuntzak egin gura dituzte.
Kirola ere «apustu garrantzitsua» da udalarentzat. Hala, kiroldegian hobekuntza lanak egin gura dituztela iragarri du Bidegurenek.
Udaltzaingoaren kasuan, plan estrategikoa landuko dute, «herritarren babeserako zerbitzu eraginkorragoa lortu nahian». Euskararen erabilera indartzea ere aurreikusten da 2018an, baita jaietarako eta kultur ekitaldietarako laguntzak indartzea ere.
«Lan handia»
Irailetik hona, aurrekontuetan «lan handia» egin dutela dio Bidegurenek: «Adostasunak lortu guran, aurrekontuak onartzeko data hainbatetan atzeratu dugu. Gure borondatea hasieratik eta amaiera arte, akordioa eta adostasuna lortzea izan da, baina, zoritxarrez, desadostasuna agertu dute». Pena bat dela uste du, «oposizioan dauden kideen inplikazioa, proiektu eta erronka ezberdinetan garrantzitsua» izan dela uste dutelako.
Hala ere, Izartu Bermeok erakutsitako jarrera salatu du; «desleialtasuna eta maltzurkeria» agertu dutela dio. Udal gobernua erasotzeko «edozer gauza egiteko gai» direla uste du alkateak, besteak beste, «herriko ikastetxe baten kontra egitea, gezurrak zabalduz». Era berean, «konfidentzialtasuna apurtuz eta araudiaren kontra eginez», lehenengo aurrekontuaren zirriborroa publiko egin izana salatu gura izan du.
Alkateak zehaztu duenez, jeltzaleek hamazazpi emendakin aurkeztu zituzten, eta bederatzi onartu ziren, eta Guzanen proposamenen %70 onartu zen.
Oposizioaren ezetza
Guzanen zinegotzi Xabi Ortuzarrek argi utzi gura izan du «ahalegin guztia» egin dutela akordio batera iristeko, «beste batzuetan egin izan duten moduan». Aurten, hala ere, ez dela posible izan gaineratu du. Guzanen proposamen asko onartu badituzte ere, dirutan, inbertsioetarako, 33.000 euro baino ez dizkietela onartu zehaztu du: «Iaz aurrekontu murritzagoa edukita, 270.000 euro adostu genituen». Akordiorik lortu ez bada ere, lanean jarraituko dutela esan du, eta beste bide batzuetatik «zerbait ateratzea» espero dutela gaineratu du Ortuzarrek.
EAJren zinegotzi Aritz Abaroarentzat ere «pena bat» da aurrekonturik ez edukitzea; modu horretan, lan egiteko beste modu batzuk aurkitu beharko dituztela esan du: «Egoera berri batean egongo gara aurrekontu luzatuagaz. Horrek ez du esan gura herria gelditu behar denik. EAJ modura proiektuak aurrera ateratzen saiatzeko konpromisoa hartzen dugu, ahalik-eta adostasunik zabalenagaz, dauzkagun erremintak erabilita».
Jeltzaleen ustez, udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuak «ez du betetzen herri honek dauzkan beharrizanen lehentasunak. Negoziaketen osteko aurrekontuak hutsune handiak dauzka». Hala ere, adostasunetara iristeko ateak zabalik dauzkatela adierazi dute.