‘Diabetes Cero’ egitasmoagaz bat egin du Lointek Gernika Bizkaiak
Lointek Gernika Bizkaiak Diabetes Cero (Dt0) mugimenduari babesa erakutsi dio, eta zaleek euren elkartasuna adierazteko aukera izango dute zapatuko Dia Ligaren partiduan.
1 motako diabetesa duten helduen eta umeen gurasoek sortutako mugimendua da Diabetes Cero. Gaixotasun hori ikertzeko dirua biltzen ari dira: “Dt0-k ume hauek ondo bizi daitezen zientzialariek egiten duten lanean sinisten du”.
Gernika-Lumoko taldeagaz batera, RETAbet Bilbao Basketek eta Bidaideak Bilbao BRSk ere ekimenagaz bat egin dute.
Naiara Diez Lointekeko kapitainak, Alex Mumbru Bilbao Basketeko jokalariak eta Asier Garcia Bilbao BRSko jokalariak sinatutako kamisetak eta baloia zozkatuko dituzte. Zapatuan Malosten erosi ahalko dira zozketan parte hartzeko txartelak. Era berean, hainbat produktuz betetako Denda Solidarioa ere jarriko dute Malosten.
Bestalde, diruz laguntzeko honako kontu korronte zenbakia eman dute: 2100 4125 4322 0020 7263.
Campus Promete. Dia Liga azken txanpan sartu da, eta Lointek Gernika Bizkaiak Campus Promete hartuko du etxean bihar. 18:30ean hasiko da partidua.
Biharkoaz gain, beste bi jardunaldi geratzen dira 2017-2018 denboraldia amaitzeko. Bi aste barru, talde gernikarrak etxean lehiatuko du azken jardunaldia, Cadi La Seu taldearen kontra. Datorren astean, berriz, Extremaduran jokatuko du.
Jardunaldi guztiak lehiatu ostean, liga titulua lortzeko kanporaketak jokatuko dituzte. Eta hain zuzen, horietara sailkatzea da Lointekeko jokalarien asmoa.
Gaur gaurkoz, sailkapenaren bosgarren postuan dago, 35 puntugaz (Cadi La Seuk moduan). Aurretik Star Center-Uni Ferrol dago 39 puntugaz, eta 40 puntu ditu Mann-Filter talde zaragozarrak. Perfumerias Avenida da liderra 45 puntugaz, eta 43 puntu ditu Spar Citylift Gironak.