Oiartzungo Gazte Akelarrea aurkeztu dute Lekeition
Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek martxoaren 30, 31 eta apirilaren 1ean Oiartzunen antolatuko duten Gazte Akelarrea aurkeztu zuten zapatuan, Galarrenan, Lekittoko Ernai gazte antolakundeko gazteek. 80 lagun inguru batu ziren ekitaldian, eta ostean,...
Sorginkerian dugu independentzia lelopean, Oiartzun «Euskal Herriko txoko guztietako borroken topagune bilakatzea» dutela helburu azaldu zuten gazte- ek. «Eguneroko su txikiz pizten dugu independentziarako bidea, sorginkeriaz, errebeldiaz eta konpromisoz, hor baitago garaipenerako gakoa».
Bosgarren aldia da milaka gaztek auzolanean eta autogestioan oinarrituta udaberriko ekimen hori antolatzen dutela. Gazte Danbada, Gazte Martxa, Burutakzio topaketak, eta aurten bigarren aldiz ospatuko duten Gazte Akelarrea ere bide beretik joango dela zehaztu zuten. «Joan den urtean sugarren inguruan dantza egin ostean, aurten Oiartzungo kaleak sorginkeriz astintzera goaz gazteok».
Egitarau oparoa
Martxoak 30 goizean hasi eta apirilaren 1aren goizaldera arte «hausnarketa, eztabaida, sorginkeria eta konspiratzeko gune» bilakatuko dute Gazte Akelarrea, eta horretarako, eskaintza kultural eta politiko mamitsua izango dute bertan: hitzaldi, mahai inguru, tailer, antzerki eta kontzertuak, besteak beste. Horrez gain, martxoaren 31n, gazte bazkaria eta «eguzkiari agur esateko akelarre berezi bat» egingo dutela ere jakinarazi dute.
Ekitaldia hurreratu ahala, ekimenaren inguruko xehetasun gehiago ematen joango direla ere adierazi zuten Lekeitioko gazteek, gazteakelarrea.info webgunearen bidez bai eta sare sozialen bidez ere.
Gazte Akelarreko bonuak eskuratzeko aukera egongo da Lekeition bertan, Galarrenan hain zuzen ere, eta Lea-Artibaitik Oiartzunera joateko autobusa egongo dela ere aurreratu zuten aurkezpenean.