Gaur eguerdian landatu dute kimua. Sinbolo horren bitartez, orain 118 urte sortu zenetik, buruko osasunean egindako lana aitortu gura izan diote.
Hainbat izan dira landaketa ekitaldira bertaratu diren agintariak. Hala, beste batzuen artean, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramalea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Idurre Bideguren Bermeoko alkatea egon dira.
Bermeoko alkateak esan duenez, leku berezian kokatu dute Gernikako Arbolaren kimua, Talan; «leku berezia, Bermeoren paisaia, historia eta kultura kontuan hartuta».
Bermeoko Ospitalea elkarrekin eraikitako istorio baten emaitza dela adierazi du, erakunde ezberdinen elkarlana «oinarrizkoa» izan dela nabarmenduta. Bestalde, langileen profesionaltasuna goraipatu du, eta Bermeoko hainbat familiarentzat ogibidea izan dela aipatu du. Udaleko langileekin egindako elkarlana ere ez du ahaztu gura izan.
Etorkizun oparoa amestu. Herritarren «izaera eskuzabala eta integratzailea» ere nabarmendu ditu Bidegurenek: «ahalik-eta normaltasun handienarekin elkarbizitza posible egin dutelako».
Etorkizunaz ere aritu da, eta ospitalerako etorkizun oparoa amesten duela esan du: «Oparotasuna pertsonen askatasunarekin lotzen dut. Gernikako Arbola askatasunaren ikurra izanik, amets posiblea dela uste dut. Osasun mentala ez dadila tabu bat izan, normaltasunez hitz egin dezagun, osasun fisikoaz hitz egiten dugun bezala. Estigma eta aurreiritzirik gabe, naturalizatu dezagun».
Ana Otaduik, berriz, herritar modura «harro» dagoela esan du, «euskal osasun sistema eta bertoko profesionalen bokazioa ikusita». Era berean, aipatu du, «urrun» gelditzen direla ospitale horien erabiltzaileen aurrean tabuz beteta zeuden garaiak: «Gaur egun badakigu inor ez gaudela urritasun psikiko edo adimeneko bat jasateko arriskutik libre».
«Tratamendu bera». Azkenik, Jon Darpon sailburuak Bermeoko Ospitalaren hastapenak ekarri ditu gogora, «egoera txarrenean zeudenen aldeko aurrerapausua eman zuela» gogorarazita. Esan duenez, 1985ean sartu zen osasun zentroa Osakidetzaren sarera: «Buruko gaixotasunak beste edozein gaixotasunak modukoak dira, ez daukate zertan diskriminaziorik jasan behar, eta gainontzeko gaixotasunek merezi duten tratamentu berbera merezi dute». Hala, Darponen arabera, landaketa «bake eta askatasun» sinboloa da, «berdintasuna eta pertsona guztienganako errespetua erakusten duena».
Agintarien adierazpenen ostean, agintariek kimua landatzeko lehenengo palakadak emateko aukera izan dute, eta gauza bera egiteko aukera eduki dute ekitaldian bildutako guztiek ere. Ekitaldiari amaiera emateko, ohorezko aurreskua dantzatu dute, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak kimuaren egiazkotasuna bermatzen duen ziurtagiri ofiziala eman dio Osasun sailburuari.