Talde lanagaz, IDKri irabazi
Lointek Gernika Bizkaiak 65-74 irabazi dio IDK Gipuzkoari. Gernika-Lumoko taldeak erregulartasuna erakutsi du kantxan, eta erasoan zein defentsan asmatu egin duLointek Gernika Bizkaia 65-74 nagusitu zitzaion IDK Gipuzkoari zapatuan. Hiru laurdenetan jo...
Lointek Gernika Bizkaiak 65-74 irabazi dio IDK Gipuzkoari. Gernika-Lumoko taldeak erregulartasuna erakutsi du kantxan, eta erasoan zein defentsan asmatu egin du
Lointek Gernika Bizkaia 65-74 nagusitu zitzaion IDK Gipuzkoari zapatuan. Hiru laurdenetan joko bikaina erakutsi zuen talde gernikarrak; azken laurdenean sufritzea tokatu zitzaien. Etxeko taldea nekaezin aritu zen, baina hori ez zen nahikoa izan Lointeken garaipena ekiditeko.Ariztimuñok, Alstonek, Pinak, Llorentek eta Caldwellek osatu zuten hasierako boskotea. Lehenengo minutuetatik erasoan zein defentsan asmatu, eta Weaver eta Alley etxeko jokalariak deseroso egotea eragin zuten. Esate baterako, 7-11ko markagailuagaz heldu ziren seigarren minutura, eta zazpi puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena: 9-16.
Lointekek hasierako mailari eutsi zion bigarren laurdenean. Hainbat txandakatze egin zituen Mario Lopezek, eta emaitza ona utzi zuten. Errenta mantentzea lortu zuen talde gernikarrak, eta zenbait unetan hamar puntuko aldeagaz markagailuan aurretik egon zen (15-25).
IDK Gipuzkoaren entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen; defentsa sendotu zuen, eta erasoan hobetu zen etxeko taldea. Horri esker, aldea murriztea lortu zuen (25-30), baina Lointek ez zegoen amore emateko prest. Gernika-Lumoko taldeko Ariztimuñok, Llorentek eta Alstonek lan itzela egin zuten. Ondorioz, 11 puntuko aldeagaz joan ziren aldageletara (29-40).
Joko onagaz
Atsedenaldiaren ostean, bi taldeen jokoaz gozatu zuten zaleek. Lointekeko jokalariak hirukoetan nabarmendu ziren hirugarren laurdenean. Besteak beste, Ariztimuño bilbotarrak jokalari moduan izan duen garapena ikusi zen kantxan.
Etxekoak ere dena ematen aritu ziren, baina Lointekekoak hobetu asmatu zuten. Gainera, aurreko partiduetan falta izan duten erregulartasuna eduki zuten oraingoan.
50-66ko emaitzagaz heldu ziren azken txanpara. Aurretik egon arren, talde gipuzkoarrak partiduak iraultzen eta muturreko egoerei buelta ematen badakiela erakutsi du denboraldian, eta, hortaz, Lointekeko jokalariak zuhurtziaz aritu ziren. Garaipena ziurtatzeko talde lanak berebiziko garrantzia izan zuen azken minutuetan. 59-69ko emaitzagaz hutsartea eskatu zuen Lopezek, eta Llorente sartu zen berriro.
61-69ko markagailutik 64-69kora pasatu ziren (14-3ko partziala); hiru minutu pasatxo falta ziren neurketa amaitzeko. Minutu horiek luze egin zitzaizkien bertan bildutako zaleei, eta bi taldeetako jokalariei urduritasuna igarri zitzaien.
Sailkapenean gora
Denboraldi hasieratik hona, aste askotan Dia Ligaren sailkapenean bosgarren postuan egon da Lointek. 22. jardunaldian, baina, zazpigarren postura jaitsi zen, eta asteburu honetako 23. jardunaldiari dagozkion partidu guztiak jokatuta, berriro ere bosgarren postuan dago. 35 puntu ditu, Cadi La Seu seigarrenak moduan.
Aurretik Star Center-Uni Ferrol dago 39 puntugaz, eta 40 puntu ditu Mann-Filter talde zaragozarrak. Sailkapen buru daude azken urteetako bi talde indartsuenak. Avenida da liderra 45 puntugaz, eta 43 puntu ditu Gironak.
Asteburu honetan, Lointekek Campus Promete hartuko du Malosten. 18:30ean hasiko da zapatuan bi taldeen arteko partidua.