Irakurleen txokoak '612 euro' liburua landuko du eguenean
Beste hile batez, martxoko hirugarren eguenagaz batera iritsiko da Bermeoko irakurleen txokoa. Hilabete honetan Jon Arretxe idazlearen 612 euro liburuaz ariko dira parte hartzaileak.
Hala, irakurleen txokoko parte hartzaileak eguenean batuko dira, 18:30etik 20:00etara, udal liburutegiko hirugarren solairuan.
Ohi legez, udal liburutegian eskatu ahalko da irakurri beharreko liburua, eta hitzordura irakurrita eroan beharko da. Ondoren, aurten dinamizatzaile lanak egiten ari den Arrate Egaña idazleagaz batera liburuaz berba egiteko aukera edukiko dute.
Toureren sagako bigarren eleberria da Arretxeren 612 euro, eta hau ere Bilboko San Frantziskon kokatzen da. 612 euro instituzioek behartsuenei hilero ematen dieten kopurua da, sanfrantziskotar askoren esperantza bizirik irauteko. Gordintasuna eta umorea uztartuz, Jon Arretxek erritmo biziko eleberria eraiki du, irakurlea lehen orrialdetik harrapatu eta amaierara arte oharkabean daramana.