Markel Goikoetxea eta Oier Madariaga gazte bermeotarrek egindako
Quierete menos film laburra hautatu dute Jameson Notodofilmfest sariketarako.
Goikoetxeak zuzendari eta gidoilari lanak egin ditu, eta
Madariagak, bestalde, aktore lanak.
‘Quierete menos’ film laburra grabatzen. Argazkilaria: Camila Espinel
Sariketarako hautatu dituzten film labur guztiak ikusgai jarri dituzte. Goikoetxeak dio, “printzipioz” bistaratzeek ez dutela garrantziarik, hala ere, film laburrak zenbat eta bistaratze gehiago eduki, epaimahaiarentzako adierazgarria izan daitekeela uste du. Hortaz, herritarrak animatzen ditu euren film laburra ikustera, eta “ahal den heinean” zabaltzera.
“Aktoreen munduan egoak daukan presentzia islatu gura izan dugu gure film laburrean. Askotan, proiektuek ala pertsonaiek protagonismoa hartu beharrean, aktoreek hartzen dute, eta gure film laburra horren kritika bat da”, azaldu du Goikoetxeak.
Oraindik ez dakite noiz emango dituzten jakitera finalisten zerrenda, hala ere, hilabete honetan izatea espero dute, apirilerako aurreikusita baitago sari banaketa ekitaldia.
Bermeotar biak Madrilen daude, eta
elkarrekin lan egiteko gogoa zeukaten. Film laburren sariketa hau zegoela ikusita, momentu ona zela pentsatu zuten elkarrekin zerbait egiteko. Elkarlana “oso ona” izan dela esan du Goikoetxeak.
Goikoetxea produktora bat sortzen ari da Madrilen, lagun talde bategaz:
Mad Shot films. “Gogoa daukagun jendea batu gara, eta hasten gabiltza. Orduan, sariketa hau ondo zetorren gure burua ezagutzera emateko”.
Espainian, film laburren munduan,
gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari den sariketa dela dio Goikoetxeak: “Aktore espainiar askok parte hartzen dute, beren kontura gidoiak idatzita. Mugimendu handia dago”.
Goikoetxearen arabera,
“oso garrantzitsua” izango litzateke sariren bat irabaztea: “Ez bakarrik sariagatik, baizik eta ezagutzera emateko plataforma itzela delako”. Hala ere, lanean jarraitzeko gogoa dauka eta gauza gehiago egiteko gogotsu ere badagoela gaineratu du.