Euskal Herriko sokatiralariak 16 dominagaz bueltatu dira Txinatik
Martxoaren 8tik 11ra jokatu dute Txinako Xuzhou herrian Munduko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa, eta Euskal Herriko sokatiralariek hamasei domina irabazi dituzte. Hain zuzen ere, euskal ordezkariek bederatzi domina irabazi dituzte kluben arteko lehian...
Lehenengo bi egunetan klubetako kideak aritu ziren zein baino zein gehiago, eta asteburuan, ostera, naziokako lehiak egin dituzte. Euskal Herriko selekzioak hiru zilarrezko domina eta lau brontzezko lortu ditu.
Neskak 500 eta 540 kiloetan hirugarren sailkatu dira. Mutilek zilarrezko domina jantzi dute 600 kilotan, eta brontzea 560 kilokoan. 600 kiloko mistoan ere hirugarren sailkatu dira euskaldunak.
23 urtez azpikoen kategorian, beste alde batetik, nesken eta mutilen taldeek zilarrezko domina irabazi dute.
Taldekakoan nabarmentzekoa da Gaztediko neskek egindako lana. Izan ere, 500 eta 540 kiloko kategorietan Munduko txapeldun izatea lortu du Batirtze Ispizua eta Erika Julieth Rojas bermeotarren taldeak.
Gainera, 500 kilokoan euskal podiuma izan zen barikuan. Laukizko taldeak urrezko domina irabazi zuen, Badaiotz talde arabarrak zilarrezkoa eta Ibarra gipuzkoarrak brontzezkoa.
540 kilokoa eguenean irabazi zuten; Herbereetako Monnickendam taldearen kontra nagusitasunez lortu zuten urrea.
Gizonezkoetan, berriz, 560 kilokoan Gaztedi txapeldunorde geratu zen, eta Ibarrak hirugarren postuak eskuratu zituen 600 kiloko gizonezkoetan eta 600 kiloko mistoan.
23 urtez azpikoetan, nesketan zein mutiletan Berriozar talde nafarrak zilarrezko domina irabazi zuen.
Busturialdeko sokatiralariak dauden Sokarri taldea podiumetik hurre geratu zen; 600 kiloko kategorian laugarren postu bat lortu zuen barikuan. 560koan ere parte hartu zuten eguenean.