'Bizkaia Goazen' autobusa heldu da Gernika-Lumora
Bizkaiko Foru Aldundiak herritarrei informazioa emateko eta horien ekarpenak jasotzeko autobus ibiltaria jarri berri du.
Bilboko Arte Ederren Museoko 40 artelanen kopien erakusketa, eta Bizkaiko produktuez egindako pintxoz beteriko foodtruck-a ditu bidelagun Bizkaia Goazen autobusak.
Bizkaiko ia 70 udalerritatik pasatuko da. Urtarrilaren azken astean Bilbon jarri zuten ikusgai lehenengoz. Ordutik, eskualdez eskualde dabil, eta azken egunotan, Bermeon, Mundakan, Elantxoben, Ibarrangelun, Kortezubin eta Gautegiz-Arteagan egon ondoren, gaur heldu da Gernika-Lumora. Bihar, berriz, Lea-Artibai eskualdera joango da. Ondarroan egingo du geldialdia bihar; barikuan Markina-Xemeinen egongo da, eta astelehenean Lekeition.
Autobus ibiltari honegaz, pertsonengandik “oso hurbil” egotea da aldundiaren asmoa, eta, horregatik, herrietako plazetara eramango dute, aurrez aurre azaltzeko foru erakundeak eskaintzen dituen zerbitzuak zeintzuk diren, eta egiten duten lana zein den. Era berean, herritarren iradokizunak jasotzea ere izango dute helburu, eta bisitariek aldundiaren zerbitzu eta informazioa ebaluatu ahalko dituzte.