Oraingoan, Trake eta Almike kale inguruak egokitu dituzte. Iriste erraztasuna hobetu, eta gunea oinezkoentzat egokitu dute; Almike kaletik Trakeraino, Erreten parkeagaz lotura eginez. Modu horretan, ibilgailuek ezingo dute kale horretan sartu.
Kaleak aurpegi berria daukala dio Irune Ormaetxea hirigintza zinegotziak; “oinezkoak erosoago ibil daitezke, eta gune horretako merkatarientzat ere positiboa da. Ibilgailurik ezingo denez sartu, gunea erakargarriagoa da”.
Kale zati hori, hortaz, altuera berean jarri dute, eta bi aldeetako espaloiak berritu dituzte. Bidegurutzean, berriz, hiruki formadun zebrabidea jarri dute, norabide guztietara zuzenduta. Gunea Erretenekin lotu gura izan dute, horregatik, material berdinak erabili dituzte, “jarraipena emateko”.
Lanok Bermeoko Udalak egindako irisgarritasun plangintzaren baitan kokatzen dituztela esan du Ormaetxeak: “Bermeo herri irisgarria izatea gura dugu, herritarren bizi kalitatearen alde eginez”.
Ormaetxeak esan du, oinezkoentzako gune gehiago ahalbidetzen joango direla saihesbidearekin lotura egiteko lanak egin ondoren.