Ainhoa Etxebarriak idatzitako 'Kale gorrian' obra taularatuko dute
Aktore ondarrutarraren obra Bilboko VI. Antzerki Arinen Jardunaldietan aurkeztuko dute. Etxebarriak dio erronka berri bat dela, baina zuzendari izatea «ardura handia» ere badelaEzustekoak ematen dituen horietakoa da Ainhoa Etxebarria aktore ondarruta...
Aktore ondarrutarraren obra Bilboko VI. Antzerki Arinen Jardunaldietan aurkeztuko dute. Etxebarriak dio erronka berri bat dela, baina zuzendari izatea «ardura handia» ere badela
Ezustekoak ematen dituen horietakoa da Ainhoa Etxebarria aktore ondarrutarra. Oraingoan zuzendari legez ariko da. Izan ere, berak idatzitako Kale gorrian obra Bilboko Pabellon 6 arte eszenikoen guneak urtero egiten duen Antzerki Arinen Jardunaldirako aukeratu dute. Pozik dago Etxebarria, baina aldi berean zuzendari izatea «ardura handia» dela dio.Tarteka zer edo zer idatzi izan duela aitortu du aktore ondarrutarrak. «Barrua husteko idatzi izan dut, ez besterik. Iaz, Antzerki Arinen Jardunaldirako ere taldean zer edo zer egin genuen, baina hantxe geratu zen. Aurten, ostera, lantxoa aurkeztea pentsatu nuen, eta, hara non, jardunaldietan antzezteko aukeratu dutela». Etxebarriak ezustekoa hartu zuen bere obra aukeratuen artean zegoela jakin zuenean. «Ez nuen espero ezertarako ere», aitortu du.
Obraren sinopsia ondokoa da: «Gizakiak izaki soziala den heinean, gizakiekin komunikatzeko beharra dauka. Zer gertatzen da besteen azpitik zaudenean? Krisi garaietan ateratzen da gizakion alde basatia, arrazista…».
Antzerki Arinen Jardunaldia barikuan hasi eta apirilaren 15era arte egingo da; hamasei antzezlan ikusteko aukera egongo da. Obra laburrak izango dira. «Gurea 20 minutuko antzezlana izango da».
Entseguak
Etxebarriak berak idatzitako obra izanda, aktoreak ere berak aukeratu ditu. Hala, Josh Ortiz de Zarate eta Iñigo Elosegi izango dira ondarrutarraren obra taula gainera eramango dutenak.
Azken egunetan, testua irakurtzen eta aurrez aurreko entseguak egiten ibili dira.
Gogotsu dago ondarrutarra, baita urduri ere. «Beste erronka bat da. Ea nola konpontzen naizen aktoreak zuzentzerakoan».
Jardunaldien baitan ikusi ahalko diren antzezlan guztien artean hiru dira euskarazkoak, tartean Etxebarriarena.
Bost sari banatuko dituzte
Sariak ere egongo dira. Alde batetik, Bilboko Udaleko Kultura Sailak babestutako Alex Angulo Antzerki Arineko Saria egongo da. 3.000 euroko sari hori Antzerki Arineko Jardunaldietan aurkeztutako lan onenari emango diote, eta arte eszenikoetako profesionalez osatutako epaimahai batek aukeratuko du lan irabazlea.
Kriseilu Saria 3.000 eurokoa izango da, eta euskarazko lan onenari emango diote.
Ekoizpena ere sarituko dute. Hala, sari hori irabazten duenari obraren ekoizpenaren zati bat ordainduko diote Cafe Bar Bilbaok eta Tartean teatroak.
Pabellon 6k, bestalde, 500 euroko sari bana emango die antzezpen «borobilena» eskaintzen duen gizonezko eta emakumezko aktore onenari.
Azkenik, ikuslegoaren saria ere egongo da. Ikusleek 1etik 5era baloratuko dituzte emanaldiak, eta puntu gehien lortzen duen ikuskizunak diru saririk bariko ohorezko saria eskuratuko du.