Mundua gelditu dute andreek
Emakumeen Nazioarteko Egunean Euskal Herriko mugimendu feministak planto egitera deitu ditu emakumeak, eta hala egin dute Mutrikun eta Lea-Artibai eta Busturialdeko herrietan.Jendetsua eta morea izan da Martxoaren 8a; emakumeen aldarriz betetakoa. Kale...
Emakumeen Nazioarteko Egunean Euskal Herriko mugimendu feministak planto egitera deitu ditu emakumeak, eta hala egin dute Mutrikun eta Lea-Artibai eta Busturialdeko herrietan.
Jendetsua eta morea izan da Martxoaren 8a; emakumeen aldarriz betetakoa. Kalejira girotu zein zaratatsuek, elkarretaratzeek eta oihuek jantzi dituzte kaleak. Lea-Artibain,Mutrikun eta Busturialdean greba feministak oihartzun handia eduki du.Bai Lea-Artibain eta Mutrikun eta baita ere Busturialdean, emozioz betetako ekitaldiak izan dira nagusi. Edonola ere, milaka izan ziren atzo kalera atera ziren emakumeak. Gazteak, nagusiak, umeak, irakasleak, ikasleak… batu ziren emakumeen lana balioan jartzeko eta beraien eskubideen alde borrokatzeko.
Eguerdian plazak bete-bete egin ziren Mutrikun, Lekeition, Ondarroan, Markina-Xemeinen eta Aulestin. Kolore morez jantzita, planto egin zuten emakumeak elkarretaratzeak deituta zeuden herrietako plazetara bertaratu ziren. Markina-Xemeinen, esaterako, manifestazioa egin zuten, eta inoizkorik jendetsuena izan zen. Mutriku, aldiz, Goiko Plazan batu ziren planto egin zuten guztiak, eta umore onez eta kantuan egin zituzten aldarrikapenak.
Lekeition ere ikastetxeetako umeek Eskolapea apainduz hasi zuten eguna. Ostean, herritarrak Independentzia plazan batu ziren; emakumeen topaleku bilakatu zen plaza.
Gernika-Lumon ere kalejira girotua egin zuten, eta bi zutabe atera ziren; bat institututik, eta bestea, Kaltzada egoitzatik, eta Merkurion egin zuten topo. Emakumeen alde, berdintasunaren alde eta injustizien kontra oihukatu zuten, Gora borroka feminista errepikatuz.
Kaltzada egoitzan, txalo artean hartu zituzten langileak. Egunero zaharren zaintzan egiten duten lana goraipatu eta eskertu zieten. «Gaur ez dugu zaintzarik oparituko. Entzun gaitzatela, mundua gelditzera goaz, mundua martxan jartzeko», adierazi zuten. Zahar etxeko langileekin ordu laurdeneko elkarretaratzea egin zuten, eta, ondoren, kalejiran abiatu ziren Merkuriora. Hara heldu aurretik, Juan Kaltzada kaleko Aldi Baterako Laneko Enpresa baten aurrean egin zuten geldialdia.
Zutabeak elkartu ondoren, Onintza Enbeitak bertsoa bota, eta performance bat egin zuten, emakumeek jasaten dituzten eskubide urraketak eta diskriminazioak irudikatuz.
Bermeoko emakumeen deialdia zaratatsua bezain «arrakastatsua» izan zen. Bi zutabeak kontuan hartuta, 1.300 lagun baino gehiago batu ziren. Emakumeak ziren gehienak, baina kalejiretan eta ekitaldian parte hartu zuten gizonezkoek ere.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek «harro» sentitzen dela esan zuen: «Bermeoko emakumeak kalera atera gara. Berdintasuna legeetan eta paperetan erraz ikusten da, errealitatean, hala ere, desberdintasunak nabarmenak dira: soldatetan, baldintzetan, etxeetan… Emakume denak kalera atera dira, denek daukatelako zer esana».
Eguerdiko ekitaldiez gain, iluntzean ere beste horrenbeste gertatu zen. Herri askotako plazak berriro ere jendez bete ziren, benetako berdintasuna eskatzeko. Komertzio asko itxita eta zerbitzu asko etenda edo gutxieneko zerbitzuekin geratu ziren. Erantzuna, beraz, erabatekoa izan zen.
ELA sindikatuak greba feministaren balorazio oso positiboa egin du, eta atzoko eguna historikotzat jo du. Datu guztien faltan, herri guztietan jarraipen oso zabala izan duela esan du Arrate Elkoro Zengotitabengoa eskualdeko arduradunak: «Herri guztiak emakumez beteta egon dira, eta lan baldintzetatik haratako joan gara greba honetan». Sektore feminizatuetan grebaren jarraipena oso zabala izan dela azpimarratu du, eta sektore industrialeko datuak ondorengo orduetan jakingo dituztela.
Egun historikoa eta pozgarria izan zen atzokoa LAB sindikatuarentzat ere. Ion Iñaki Alkorta LABeko Industria arduradunak grebak herriz herri izan duen izugarrizko erantzuna azpimarratu du, eta onartu du aurreikuspenetatik haratago joan dela. «Oso pozik gaude, komertzio asko itxita egon dira, sektore feminizatuetan jarraipen zabala izan du grebak, eta industrian ere gainditu egin dira aurreikuspenak». Ikastetxeetan eta zerbitzuetan ere grebak jarraipen zabala izan duela esan du. «Jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa eman dugu».
Jarrera «kritikagarriak»
Kontserbagintzan izaniko erantzuna nabarmendu nahi izan du Alkortak, Bermeori aipamen berezia eginda: «Bermeon ia erabatekoa izan da kontserbagintzan lanuzteek izan duten erantzuna, 1.300 lagun inguru bildu dira goizeko mobilizazioan. Hori izugarrizkoa da».
Beste alde batetik, Maier kooperatibak izandako jarrera kritikatu du. «Maierren emakumeek arazoak izan dituzte lanetik ateratzeko, trabak jarri dizkiete, eta hori ulergaitza da».