Urretxindorraren biloba eta Balendin Enbeitaren semea, bertsolari moduan da ezaguna Jon Enbeita. Baina ‘Iraungo dut’ izenburupean, iaz kaleratu zuen hirugarren diskoa.
1971n Jon Enbeita, 2009an Hainbeste, hain gitxi eta iaz Iraungo dut. Zer iradoki gura duzu azken izenburuagaz?
CDan lehenenengo abestiaren hausnarketan duzu erantzuna: Ez dut helmugara iritxi nahi, ibiltzen jarraitu baizik. Ez dut amaitutako sinfoniaren akorde printzipala izan nahi, saltari doan kortxea xehe baizik, beti sortzen, beti bizirik.
Letrak zein konposizio musikala zureak dira. Hitzei doinua jartzea eta letra horiek transmititzeko musika egokia aukeratzea erraza al da?
Berez ez da sortzen ez doinua ez letra. Letra baino gehiago kostaten zait musika egokia sortzea, letra izan baita beti nire kantuen ardatza, eta doinua laguntzailea. Normalean, horregatik, letratik hasten naiz, eta gero musikaz jantzi. Batzuetan doinu bat lantzen hasten naiz, eta gero, letra jarri. Inoiz biak batera ere bai. Inongo presa barik, barruak eskatzen didanean. Gustura geratzen banaiz aurrera, eta ez banau asebetetzen, zakarrontzira.
60ko hamarkadan Ameriketara joan zirenen abentura, estresa, paisaia, hegaztiak , amari idatzitako agur kanta… Askotariko gaiak daude diskoan.
Askotariko gaiak eta hausnarketak. Ez dira grabaketa berezi baterako eginak. Sortzen nagoenean ez nago horretan pentsatzen. Gai ezberdinak izatean, aspertzeko aukera gutxiago, ezta?
Bidaia istilutsua kantan Roberto Etxebarriak egin du doinua. Zelan sortu zen bere musika eta zure berbak uztartzea?
Aspalditik ezagutzen gara. Hainbat letra egin izan dizkiot bere trikiti-doinuetarako. 90eko hamarkadan Paperetik Plazara taldea sortu genuen: Roberto Etxebarria trikitixa, Kepa Arrizabalaga panderoa, Idurre Erauzkin teklatua, Aimar Arejita gitarra, Dani Asua baxua eta Ireneo Ajuria ahotsak eta nik neuk (ahotsa). Ordukoa da kantu hori.
Diskoa autoekoizpena da. Zelako esperientzia izan zen?
Esperientzia oso ona eta aberatsa. Azkaraten, Betelu ondoan, Mamia estudioan grabatu genuen, Jonan Ordorika teknikariagaz.
Arkaitz Miner, Rafa Rueda, Txus Aranburu, Itxaso Etxebeste eta Natxo Beltran de Heredia. Musikari askoren laguntza izan duzu.
Aurreko diskoan ere laguntzaile berberak izan nituen, bateria salbu. Zorte handia izan dut musikaz hain jantziak eta persona moduan hain benetakoak aurkitzeagaz. Oso lagun egin gara. Asko ikasi dut eurekin.
Hainbeste, hain gitxi eta Iraungo dut Rafa Ruedak ekoitzitakoak dira. Oraingoan gitarragaz eta ahotsagaz ere lagundu dizu. Zelako harremana duzue?
Harreman oso ona. Lagun handiak gara. Aurreko CDrako moldaketak egiteko musikari baten bila nenbilela, Aimar Arejitaren bitartez ezagutu ginen. Ez naiz inoiz damutu. Kontzertu batzuk eta gauza puntualen bat edo beste egin izan ditugu elkarregaz.
CD bikoitza da. Batean 14 kantu sartu dituzu eta bestean biloba bakoitzari eskainitako lau sehaska kanta. Aitona zarenetik sortzen dituzu, edo aurretik?
Aitona naizenetik sortu ditut. Biloba zaharrena jaiotzeko zela, aurreko diskoaren grabaketarako prestatzen nenbilen. Egun batean, gitarran akordeak jotzen hasi eta sehaskan kulunkan irudikatu nuen. Doinua eta letra biak batera sortzen joan ziren. Diskoan sartu nuen; ongietorriko oparia izan zen. Besteak ez nituen ezer barik utziko, eta, jaio ahala, bakoitzari berea egin diot. Harro nago egin ahal izanagaz.
Zure alabentzat halakorik egin zenuen? Zer abesten zenien?
Jaio zirenean bertsotan aritzea erabakita neukan, eta gitarra gordeta. Gainera, aita berri bati ardurak eta estresak hartzen die sormenerako lekua. Ez dago astirik. Beste gauza bat da bizitzaren unibertsitatean ikasketak burutu dituen aitona baten patxada. Alabei bat-bateko bertsoak, kantutegi zaharreko sehaska eta maitasun kantak… abesten nizkien. Haztean eurek abesteko haur kanta batzuk egin nizkien.
Disko bikoitza eta liburu formatuan egina da; kanta bakoitzaren alboan hausnarketa txiki bat sartu duzu. Hala, entzuleari hausnarketarako gonbitea luzatzen al diozu?
Hori da azken baten helburua. Kantuan doan mezuan sakontzen laguntzeko tresna bat dira hausnarketak. Gero baikotzak aterako ditu bere ondorenak.
Abestietako letrekin batera, hausnarketa horien bidez zure barruko gauzak plazaratzeko helburua izan al duzu?
Hausnarketa bakarrik ez, kantua bere osotasunean da nire barruko kezkak plazaratzeko baliabidea. Ez da ohikoa. Kontzertuetan egin izan dut, eta konturatu naiz entzuleak kantuan arreta jartzeko baliagarria dela. Diskoan gauza bera egin gura izan dut.
Irratian esan zenuen bihotzaren leihoa zabaltzea beharrezkoa dela, baina ez dela hain erraza, eta hori ere ikasten joaten dela. Zuk ikasi al duzu?
Ikasten nabil. Bihotzaren leihotik begiratuko bagenu, beste mundu batean biziko ginateke. Zabalik, lau haizetara, bizi behar dugu, denengandik ikasteko eta geurea eskaintzeko (ez inposatzeko) prest. Liburuaren hasierako lau bertsoak hausnarketa honetarako bide bat dira.
“Kantuan doazen mezuan sakontzen laguntzeko tresna bat dira hausnarketak”
Zuk esana da bakarlariaren irudia aldarrikatu gura izan duzula. Zer dela eta?
Bakarlariaren irudia eta formatu txikiko kontzertuak. Zeu eta gitarra, apaindura barik. Entzulearengandik gertu, hartu-eman zuzena sortzeko. Mezuak hartzen du garrantzia dena.
Zeure buruari asko eskatzen diozula eta konforme geratzea asko kostatzen zaizula aipatu duzu inoiz; disko honegaz konforme geratu zara?
Sorkuntzan gabiltzan guztioi kostatzen zaigu egindakoagaz konforme geratzea. Geure buruari beti gehiago eskatzen diogu. Diskoan hobetuko nituzkeen gauzak daude, baina konforme geratu naiz, bai mezuagaz, bai musikaren jantziagaz, bai azalaren diseinuagaz.
Nor izan da diseinatzailea?
Naiara Goikoetxea erdi algotar erdi fiketarra. Lehen unetik ulertu zuen zer zen gura nuena eta zein zen mezu nagusia, eta azalean ezin hobeto irudikatu du. Oso profesionala da. Formatuaren ideia, berriz, emaztearena izan da.
Zuk esana da: “Perfekzionista izan naiz, baina ikasi dut inperfekzioak ere oso bertute onak dituela, eta gustatzen zait inperfekzioa”. Perfekzionista izateak sortze prozesua baldintzatu izan dizu?
Bai, zoritxarrez. Blokeatu egiten zaitu, ez zara inoiz gustura geratzen, eta, azkenean, zeure buruan konfiantza galtzen duzu. Beti hobetzen joateko ahalegina ondo dago, baina perfekzioa bilatzea existitzen ez den utopiaren bila ibiltzea da. Onartu behar gara garen moduan; geure alde on eta ez hain onekin, geure ahalmen eta mugekin, inogaz alderatzen ibili barik. Bakoitzak bere berezitasuna du.
Bertsolari moduan zara ezaguna, baina 70eko hamarkadan ere gitarra hartuta plazaz plaza ibili zinen. Ordutik hona asko aldatu al dira plazak?
Aldatu dira plazak, gizartea, egoera… dena. Kalitatea eskertzen zen arren, ez zen hainbeste begiratzen. Franco bizi zen, eta dana zentsuratik pasatu behar zen. Erresistentziaren, euskararen… arnasgune bihurtu ziren kontzertuak. Eta giro horren bila plazak bete egiten ziren. Mezua zen garrantzitsua, eta irudimena gehiago lantzen genuen, zuzenean esan ezin zena zeharka aditzera emateko.
Iazko maiatzean Lizeo Antzokian aurkeztu zenuen lana.
Grabaketan parte hartu genuen denok egon ginen, eta CDko kantu gehienak abestu genituen. Aurrekotik ere bai pare bat. Ia ordu biko emanaldia izan zen. Makalik nengoen, baina musikarien lan onari esker, itxuroso aurrera atera genuen. Eurei zer eskertu asko daukat.
Aurten zuzenekorik ematea aurreikusita al duzu?
CDa ez dut egin boloen zirkuituan sartzeko ametsagaz. Eginda nituen lan batzuk grabatuta utzi gura izan ditut, beste barik. Deituz gero, pozik joango naiz, taldeagaz zein bakarrik, formato txikian baldin bada, hobeto.
Non eskuratu daiteke diskoa?
Gernikako Endika, Auzokoa eta Arrien tabernetan. Elkar arduratzen da dendetan zabaltzeaz.