Hiru markina-xemeindar, I. Nesken Zesta Txapelketaren finalean
Berriatuko Mendibarren frontoian erabakiko dira nesken txapelketako bi finalak. Euskal Herriko Txapelketa ere bihar erabakiko da. Berriatua eta Mutriku arituko dira ohorezko mailanUrtarrilean eta otsailean kanporaketa partiduak jokatu eta gero, I. Nes...
Berriatuko Mendibarren frontoian erabakiko dira nesken txapelketako bi finalak. Euskal Herriko Txapelketa ere bihar erabakiko da. Berriatua eta Mutriku arituko dira ohorezko mailan
Urtarrilean eta otsailean kanporaketa partiduak jokatu eta gero, I. Nesken Zesta Txapelketaren finala jokatuko da bihar, Berriatuko Mendibarren frontoian, 18:00etan hasita. Bi mailatako finalak jokatuko dira, eta batean zein bestean markina-xemeindarrak daude.Gaztetxoen finalean Uxue eta Laia gasteiztarrak Erika eta Arai markina-xemeindarren aurka ariko dira. Nagusietan, ostera, Mariona eta Elissenda kataluniarrak Maite (Gasteiz) eta Izaro Arbe markina-xemeindarraren aurka neurtuko dira.
Lehendabizi gaztetxoen finala jokatuko da, eta gero nagusiena. Bi partidu horien aurretik, baina, nesken kinielak jokatuko dira.
Txapelketa Berriatuko Zesta Eskolak eta Berriatuko Udalak elkarlanean antolatuta dago, eta bakarrik emakumeek jokatzen duten lehenengo txapelketa da, aurrekaririk ez duena. «Azkenaldian Xisteratik emakumeen zesta-punta bultzatzeko lan handia ari dira egiten. Eta horren adibide dira herri desberdinetan antolatu diren topaketak». Hala, txapelketa hau lanketa horri «beste bultzada bat emateko asmoz» sortu zela esan dute.
Guztira 11 bikotek parte hartu dute txapelketan. Euskaldunei dagokienez, ondoko herrietakoak izan dira: Gasteiz, Tolosa, Donosti, Zumaia, Mutriku, Markina-Xemein, Durango, Berriatua eta Sopela. Horiei Kataluniatik etorritakoak gehitu behar zaizkie.
Berriatuko Udalak eta Berriatuko Zesta Eskolak herritarrei finala ikustera joateko eta bide batez kirolean parekidetasuna bultzatzeko gonbitea egin diete.
Euskal Herriko finalak
Euskal Herriko Txapelketako finalak ere, asteburu honetan erabakiko dira. Hala, gizonezkoen senior eta ohorezko mailetako finalak hartuko ditu Markina-Xemeingo Uni frontoiak bihar, 17:00etatik aurrera.
Ohorezko mailan, Berriatua eta Mutrikuko Danok Bat neurtuko dira. Berriatuko Zesta Eskolaren aldetik Roberto Lekue ondarrutarrak eta Antxon Alberdi etxebarritarrak jokatuko dute eta Mutrikuko Danok Bat taldetik, berriz, Ekaitz Mendizabal eta Mikel Manzisidorrek. Senior mailako txapelduna, bestalde, Zumaia eta Gasteizen artean erabakiko da. Euskal Ligako finalak kutsu ezberdinetako puntisten arteko lehia kantxaratuko du. Batetik, puntista esperientziadunak arituko dira, Berritxu zesta eskolakoak, eta bestetik 18 urte baino ez dituzten puntista mutrikuarrak.
Kadete eta gazte mailako finalak ere bihar jokatuko dira Hondarribian. Markina-Xemein eta Gernikako pilotariek jokatuko dute gazte mailako finala. Markina-Xemeingo Zesta Punta Eskolako Alex eta Danel eta Gernika Jai Alaiko Leke eta Unda aterako dira kantxara garaipenaren bila. Norgehiagoka 17:00etan hasiko da.