Gernika RTk Eibar RTen kontra jokatuko du Urbietan, bihar
Gernika Rugby Taldeak Eibar Rugby Taldearen kontra lehiatuko du Euskal Ligaren 4. jardunaldia etxean, bihar. 17:00etan hasiko da Urbietako partidua.Talde gipuzkoarrari irabazteko gogotsu daude, eta helburu horregaz ari dira entrenatzen. «Eibar apurtze...
Talde gipuzkoarrari irabazteko gogotsu daude, eta helburu horregaz ari dira entrenatzen. «Eibar apurtzera zelairatuko gara; badakigu irabazi ahal diogula, eta hori da asmoa, gutxienez lau bat entsegu egin eta puntu batzuk lortzea».
Aurreko asteburuan Euskal Ligaren 3. jardunaldia lehiatu zuten, eta talde gernikarrak ezin izan zuen La Unica RT mendean hartu. 76-5 galdu zuen Iruñean.
Nahiz eta galdu, egindako lanagaz eta erakutsitako jarrera lehiakorragaz gustura daude basurdeak. «Gu hamalau jokalarigaz eta eurak hamabostegaz egon arren, jarrera aldetik oso ondo egon ginen», azaldu du Lukene Uriarte kapitainak. Hain zuzen, hamahiru jokalarigaz amaitu zuen partidua Gernika RTk, kapitainak min hartuta utzi behar izan baitzuen.
«Gogor borrokatzen»
Gainera, ligaxka hasi zutenetik beste taldeek lortu ez dutena lortu du Gernika-Lumoko taldeak; La Unicari entsegua egitea: «Gogor hasi ginen, eta eurak ere bai, baina kostatu zitzaien gure entsegua egitea».
Etxeko jokalariek dozena bat entsegu lortu zituzten, eta lau izan ezik beste guztiak transformatu zituzten. Gernika RTren entsegua Libek egin zuen lehen zatian (partiduko bigarrena izan zen), baina Batirtzek ez zuen transformatu.
Zenbait arrazoirengatik, basurdeak lehenengo zatia jokatzeko asmoz joan ziren, baina partidua hasita ondo zebiltzala ikusi zuten, eta bi zatiak jokatzea erabaki zuten.